Milioi bat bisita izan ditu Zarauzko Hitzak 2023an

Erredakzioa 2024ko urt. 2a, 13:00
Zarauzkohitza.eus webgunea sakelako telefonoan. (Zarauzko Hitza)

2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 1.075.609 bisita izan zituen Zarauzkohitza.eus-ek, Google Analyticsek emandako datuen arabera. Egunean, batez beste, hamar albiste argitaratu ditu Zarauzko Hitzak webgunean. Bisita gehienak eskuko telefonoetatik egin dituzte erabiltzaileek.

2023. urteak askotariko albisteak utzi ditu herrian; batzuk onak, besteak txarrak. Eta horien guztien berri eman du Zarauzkohitza.eus-ek joan berri den urtean ere. Albisteak, bideoak, erreportajeak nahiz elkarrizketak ondu ditu Zarauzko Hitzak 2023an ere, eta hainbat izan dira Komunitatearen bidez ekarpenak egin dituzten herritarrak eta eragileek ere. Guztira, 3.927 albiste argitaratu ziren webgunean iaz, hamar albiste egunean batez beste –10,7 albiste–, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten herritarrak –hona hemen iazko hamar albiste irakurrienen zerrenda–.

2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean milioi bat bisitako langa gainditu du Zarauzkohitza.eus-ek: zehazki, 1.075.609 bisita izan ditu. Google Analytics neurgailuak emandako datua da hori. Urtez urte hazten jarraitzen du Zarauzko Hitzaren webguneko bisiten kopuruak, eta iazkoa ere ez da salbuespena izan; izan ere, 2022an 977.844 bisita izan zituen (2023an baino 97.765 bisita gutxiago), eta 2021ean, 792.773 bisita. Datu hori kontuan izanik, egunean, batez beste, 2.946 bisita izan ditu webguneak 2023an.

Azken urteetako joera berretsi egin da 2023an ere: Interneteko edukiak eskuko telefonotik irakurtzeko ohitura areagotu egin da beste urte batez. Hala, erabiltzaileen %80k eskuko telefonoa erabili dute webgune hau irakurtzeko. Ordenagailutik, berriz, bisitarien %16,2 sartu dira webgunera.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten hedabide digitalen datuak izugarriak izan dira 2023an. Taldearen webguneetan albiste ugari argitaratu ziren iaz, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten erabiltzaileak. Hain zuzen ere, taldea osatzen duten sei webguneek –Uztarria, Maxixatzen, Baleike, Karkara, Zarauzko Hitza eta Urola Kostako Hitza– 10.263.009 bisita izan zituzten iaz, 2022an baino milioi bat bisita gehiago –9.174.112 bisita izan zituzten 2022an–.