Errege Magoen aurtengo desfilea aldaketekin dator

Onintza Lete Arrieta 2024ko urt. 4a, 16:15

Artxiboko irudian, Errege Magoen desfilea.

Batetik, biharko iragarrita dagoen eguraldi txarragatik Schola Cantorumek antolatzen duen ekitaldiak aldaketak izango ditu ibilbidean. Bestetik, aurten Erregeek ez dute zaldiz zeharkatuko herria.

Ordu gutxi gelditzen dira Errege Magoen desfilerako, eta aurtengo ekitaldia zenbait aldaketarekin datorrela azaldu dio Schola Cantorumek hedabide honi. Elkarte horrek antolatzen du kabalkada, eta bi aldaketa nagusi izango dira bihar arratsaldeko hitzorduan: batetik, ibilbidea moldatuko dute aurreikuspenak bete eta eguraldi txarra egiten badu; bestetik, oraingoan Erregeak ez dira zaldiz ibiliko herrian zehar.

Schola Cantorumeko ordezkariek kontatu dutenez, herrian azken urteetan entzun izan den eskariari kasu eginez, hemendik aurrera Errege Magoek karrozetan egingo dute ibilbidea. "Udalak karroza berriak eskaini zizkigun, eta hala, Errege bakoitza karroza batean joango da". Izarra ere eramango dute, aparte. Erabakiak zerikusia du animalien ongizatearen aldeko mugimenduen eskariekin.

Ibilbideari dagokionez, euria egingo balu –eguraldi txarra dago iragarrita– ibilbidea moldatuko lukete, eta honakoa litzateke bihar Errege Magoek Zarautzen egingo luketen bidea:

  • Santa Ana egoitza
  • ⁠San Inazio kalea
  • ⁠Kale Nagusia
  • Musika Plaza
  • Kale Nagusia
  • Torre Luzea (Herodes)
  • San Frantzisko (eskuinerantz)
  • Herrikobarra (eskuinerantz)
  • Foruen Kalea
  • Lege Zaharren enparantza (Erregeen etorrera musikatua)

Euririk ez bada, berriz, ohiko ibilbidea mantenduko dute. Hauxe:

  • Bizkaia kalea
  • Agoueseko biribilgunea eta Araba kalea
  • ⁠Poligonoko auzoa
  • Gipuzkoa kalea
  • Villa Munda (banda sarrera)
  • Gipuzkoa kalea eta Kale Nagusia
  • ⁠Torre Luzea (Herodes)
  • Musika Plaza, San Inazio kalea eta Herrikobarra kalea
  • ⁠Foruen kalea eta Lege Zaharren enparantza (bertan Erregeen abestiak)
  • Ondoren: Zigordia kalea eta Musika Plaza eta Santa Ana egoitzan bukaera

Eguraldi txarra zein ona egin, 18:00etan agertuko dira herrian Meltxor, Gaspar eta Baltasar.