Barandak berritzeko prozesua abiatu du Zarauzko Udalak

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 5a, 15:05
Iban San Martin zinegotziak eman du barandak berritzeko proiektuaren berri. (Zarauzko Udala)

Daniel Barroso Peña arkitekto teknikoak idatzitako proiektua abiatuko du udalak, eta baranda berriak jartzeaz gain, pinturak berritzeko lanak egitea, eta herdoilaren aurkarako estaldurak aplikatzea aurreikusten dute.

Herdoilak kaltetutako baranda batzuk aldatu eta konpontzeko prozesua jarriko du martxan Zarauzko Udalak. Horretarako, Daniel Barroso Peña arkitekto teknikoak idatzitako ‘Zarautz Modelo’ baranda berritzeko proiektua izeneko lanketaz baliatuko dira. Ia milioi erdi euro (484.420,44 euro) erabiliko dituzte, eta plangintzaren barruan baranda berriak jartzea, pinturak berritzeko lanak egitea eta herdoilaren aurkako estaldurak aplikatzea aurreikusten dela iragarri du udalak.

Eraberritze lanak malekoian hasi eta Getaria arteko pasealekuan hasiko direla aurreratu du Iban San Martin obra eta zerbitzuen zinegotziak, "baranda berriak jarrita, kresalak gehien zigortutako guneak baitira eta horiek berritzea lehentasuna delako". Zehaztu duenez, zati hauetan kokatuko dituzte baranda berriak: Borghetto, Lizardi kalea, Duke Enea, Munoa eta moila inguruan (Getaria bidea). Era berean, Musika Plazako, Lege Zaharren Enparantzako, Santa Klarako (trenbide aldea), Bizkaia kaleko (trenbide azpiko pasabidea) eta Zelai azpibideko barandak ere margotuko dituztela gaineratu du.

Proposamenak aurkezteko epea gaur zabaldu dute eta 26 egun naturaleko tartea izango dute interesdunek. Esleipena ebatzi ondoren, obrek zazpi hilabeteko exekuzio epea izango dutela ere adierazi du udalak.