150 lagunek hartu dute parte Lizardi Indoor Zarautz orientazio proban

Aritz Mutiozabal 2024ko urt. 9a, 09:00

Julia Bertrand eta Unax Galarraga nagusitu dira ibilbide luzean, eta Inar Beobide eta Intza Sagardogi, berriz, ibilbide laburrean. 

Arrakasta izan zuen igandean jokatutako Lizardi Indoor Zarautz orientazio probak, Euskal Herrian eraikin baten barruan lehen aldiz egindako orientazio txapelketak. GOT orientazio taldeak antolatu zuen, 150 lagun parte hartzearekin, eta Zarauzko Lizardi institutuan jokatu zen goiz-eguerdi partean; parte hartzaileak aukeran izan zituzten bi ibilbide: laburra eta luzea.

Ibilbide luzean, 17 urteko Julia Bertrand (Soustons, Frantzia) gaztea izan zen garaile; 24 minutu eta 57 segundo behar izan zituen 28 balizak bilatzeko. Bigarren postuan, berriz, Marylou Bertrand frantsesa sailkatu zen eta hirugarren postuan, berriz, Marina Lertxundi zarauztarra. Mutilei dagokionez, irabazlea Unax Galarraga donostiarra izan dzen, 17 minutu eta 13 segunduko denborarekin; bigarrena Aratz Beobide getariarra izan zen eta hirugarrena, Nicolas Morleau baionarra.

Ibilbide laburrean berriz, 26 baliza topatu behar izan zituzten parte hartzaileek, eta mutiletan Inar Beobide getariarrak izan zen bizkorrena, Ekhi Gartxotenea zarauztarraren eta Danel Muguruza irundarraren aurretik. Nesketan, Intza Sagardogi zarauztarrarentzat izan zen garaipena, eta haren atzetik sailkatu ziren Sahatsa San Roman lazkaotarra eta Jare Peinador zarauztarra.

Antolatzaileek aditzera eman dutenez, proba "dibertigarria" suertatu zen, eta kasu honetan, "gaitasun fisikoa baino garrantzitsuagoa izan zen parte hartzaileen mapa irakurtzeko gaitasuna".  Era berean, proba egin ahal izateko "ezinbesteko dohainak" honakoak izan dira: "Ibilbideak zeuzkan pasa ezin ziren igarobideak ulertzea, eskaileren irakurketa egokia egin eta kontzentrazioa uztartzea".