Herriko lehen ‘crossfit’ txapelketak ia 700 parte hartzaile izango ditu

Jabi Gonzalez Toston 2024ko urt. 10a, 10:00

Alfonso Baroja, Alberto Saseta eta Matias Biasco Northfit 3.0 txapelketaren antolatzaileak Inaxio Illarramendi zinegotziarekin batera. (Jabi Gonzalez Toston)

Aritzbatalden egingo dute Zarautz Northfit 3.0 txapelketa, eta asteburu osoa iraungo du. Lau proba eta finala jokatuko dituzte, zazpi kategoriatan. Proba bat igerilekuan izango da

Aritzbatalde pilotalekuak orain arte Zarautzen sekula jokatu gabeko txapelketa bat hartuko du: Zarautz Northfit 3.0. Gero eta oihartzun handiagoa izaten ari den crossfit lehiaketa da, eta, taldeka lehiatuko dira partaideak; hiru laguneko multzoetan. Matias Biasco antolatzaileetako batek zehaztu duenez, guztira 672 kirolarik eman dute izena, eta. plaza guztiak bi ordu eskasean agortu zirela aintzat hartuta, arrakasta "erabatekoa" izan dela azpimarratu du. Nolanahi ere, ekitaldia biribildu nahi dute asteburuan, "aurrera begira errepikatzea" delako asmoa.

Biascok azaldu duenez, aurrez Irunen (Gipuzkoa) –birritan– eta Donostian antolatu izan dute Northfit txapelketa, eta Zarautzera eraman nahi izan dute orain, crossfitaren arloan "estatuan erreferentea" delako: "Espainiako atleta onenetako askok Zarautzen entrenatzen dute. Tamalez, gehienek ezin izango dute parte hartu Miamira [Ameriketako Estatu Batuak] joango direlako nazioarteko txapelketa batean parte hartzera". Edonola ere, maila handiko kirolariak izango dira Zarauzko txapelketan. Euskal Herrikoak izango dira gehienak, baina Espainiako hainbat zonaldetatik eta Frantzia hegoaldetik ere bertaratuko dira.

Zarauzko Udalak ere parte hartu du txapelketaren antolaketan; izan ere, Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziarekin aritu dira elkarlanean Biasco eta bere bazkideak. Zentzu horretan, zehaztu behar da Illarramendik lotura zuzena duela crossfitarekin: Donostiako eta Irungo Northfit txapelketak irabazi zituen eta Europako Txapelketa ere lehiatu zuen. Oraingoan, ordea, ez du parte hartuko, beste zeregin batzuetan arituko baita. Nolanahi ere, zinegotziak adierazi du gustura hartu zuela txapelketa Zarautzera ekartzeko proposamena, "jende asko" erakarriko duelako. Zehaztu dutenez, 2.000 lagun inguru espero dituzte guztira : "Parte hartzaileak ez ezik, haiek animatzera etorriko diren ikusle ugari izango ditugu herrian". Sarrera ordainpekoa izango da; 5 euro balioko ditu.

Zazpi kategoria

Antolatzaileek azaldu dute, halaber, zazpi sailkapen osatuko dituztela. Kirolari onenak Rx kategorian arituko dira; Scaled kategorian, maila apalena dutenak, eta Intermediate kategorian, tartekoak. Maila guztietan emakumeen eta gizonen kategoriak izango dira. Azkenik, 35 urtetik gorakoentzako Master kategoria ere izango da, baina gizonak soilik lehiatuko dira han.

Parte hartzaile guztiek lau proba egin beharko dituzte, eta puntuazio altuena lortzen duten hamalau talde sailkatuko dira finalera kategoria bakoitzeko. Larunbatean 08:00etatik 15:00etara lehenengo bi probak jokatuko dituzte, eta 16:00etatik 21:00etara, hirugarrena. Goizeko probetako bat igerilekuan egingo dute, gainera. Igandean, bestalde, 08:00etatik 13:00etara laugarren proba jokatuko dute, eta 13:30-etik 15:00etara finalak. Sari nagusiak ekonomikoak izango dira.