Euskadiko Justiziak ebatzi du Zarauzko udaltzainek suzko armak izan behar dituztela

Jabi Gonzalez Toston 2024ko urt. 11a, 10:15

Zarauzko udaltzaina. (Artxiboko irudia)

Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio ERNE sindikatuari eta atzera bota du udalak aurkeztu zuen helegitea. Dioenez, "beharrezko tresnak dira herritarren segurtasuna bermatzeko".

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Zarauzko Udaltzaingoa suzko armaz hornitzeko agindua eman dio udalari ERNE sindikatuari arrazoia eman ondoren. Udalak helegitea aurkeztu zuen sindikatuaren eskaeraren aurrean, baina justiziak atzera bota du, esan bezala. Ebatzi duenez, "udaltzainek suzko armak erabiltzea beharrezkoa da herritarren segurtasunari eusteko eta hura berrezartzeko".

Gauzak horrela, sindikatuak ospatu egin du epaia "justiziak irizpide teknikoak eta herritarren segurtasuna hartu dituelako aintzat gai honi buruz erabakitzeko orduan". Era berean, uste du "mugarria" dela udaltzainek suzko armak eramateari buruzko eztabaidan: "Lana behar bezala egin ahal izateko suzko armak beharrezkoak direla dioten agenteen tesia indartzen du".

Ernek gogoratu du, gainera, Euskadiko justiziak aurrez ere eman diola arrazoia gai beraren inguruan; izan ere, Eibarko (Gipuzkoa) Udalak ere uko egin zion bertako udaltzainak suzko armekin hornitzeari eta Ernek jarritako kasazio helegitea ontzat eman zuen epaitegiak.

Hala, honakoa "garaipen handia" izan dela adierazi du "Zarauzko Udalak arma egokiak eta armazain homologatuak erosi beharko dituelako herriko udaltzainentzat, eta arma horiek gordetzeko eta zaintzeko instalazioak egokitu beharko dituelako". Udalak, bere aldetik, ez du adierazpenik egin nahi izan epaiaren inguruan.