Gaztetxea bete dute bakarrizketa saioak estreinatzeko

Jabi Gonzalez Toston 2024ko urt. 14a, 15:00

Hiruputzu zabaldu zutenetik lehenengo aldiz egin dute umorezko jaialdia, eta sarrera guztiak saldu dituzte. Julen Portillo, Antton Telleria, Ana Goitiak eta Iker Plazaola ziren elkarrekin aritzekoak, baina Goitiak kale egin zuen azken orduan sortu zitzaion arazo baten ondorioz.

Harrera beroa egin diote bart bakarrizketa saioei Hiruputzu gaztetxean; izan ere, gisa horretako lehenengo jaialdia izan da erakina inauguratu zutenetik. Arraio Irratiko Gadedebalde saioko kideek antolatu zuten ekitaldia, eta, zehaztu dutenez, ehun sarrera jarri zituzten salgai jarri eta guztiak agortu zituzten. Ondorioz, bete egin dute gaztetxea.

Horrez gain, publikoak izan zuen jarrera bera ere goraipatu dute, aldarte onarekin joan baitzen saiora. Hala, "giro oso ona" izan zutela azpimarratu dute antolatzaileek. Nolanahi ere, arantzatxoa geratu zaie, zeren, Ana Goitia umoregileak, azkenean ezin izan du parte hartu. Azaldu dutenez, azken uneko arazo bat izan du.

Hala eta guztiz ere, publikoak gozatua hartu du eta barre asko egin du Julen Portillok, Antton Telleriak eta Iker Plazaolak egindako txantxekin. Aurkezle lanak, berriz, Xabi Uzin Galdedebaldeko esatarietako batek egin ditu. Hain justu, bart umoregile lanetan aritu den Portillo da irratsaioko beste esataria.