Ibn Gorritiren 'Essaouira - Haize Uria' aldi baterako erakusketa zabaldu dute Photomuseumen

Jabi Gonzalez Toston 2024ko urt. 16a, 15:00

Argazkilari bizkaitarrak hainbat urtez Marokoko kostaldean ateratako irudiekin osatu du mostra, eta, formatu handian eta zuri-beltzeko teknikan daude lanak. Horien gainean koloretako testurak ere inprimatu ditu. Bilduma otsailaren 18ra arte izango da ikusgai, museoaren ohiko ordutegian.

Photomuseum argazki eta zinema museoak aldi baterako erakusketa berritu du gaur goizean. Zehazki, Ibn Gorriti (Iban Gorriti, Durango, 1970) argazkilariaren Essaouira - Haize Uria da zabaldu duten erakusketa hori, eta, 10:00etatik dago ikusgai. Azaldu dutenez, atzera begirakoa egin du Gorritik eta hogei urte baino gehiagoz Marokon jaso dituen itsasertzeko irudiak bildu ditu, batik bat.

Argazkilari bizkaitarrak formatu handian eta zuri-beltzeko teknikan erakutsi ditu bere lanak, eta, horien gainean koloretako testurak inprimatu ditu, muin onirikoa duten egoerak gogora ekartzeko. Erakusketaren izenburuari lotuta, bestalde, azaldu dute Marokon badela Essauira deituriko hiri bat. Ozeano Atlantikoan dagoen uhartea da eta haren izenak bizkaierako haize uria kontzeptua gogorarazten du fonetikoki. Arabierazko esanahia oso desberdina da, ordea, ongi eraikia esan nahi baitu. Gorritiren argazkiak ere halakoxeak izaten dira, errealistak, aztarna onirikoz eraikitzen ditu-eta.

Ohi bezala, asteartetik igandera bitartean bisitatu ahalko da Photomuseumeko aldi baterako erakusketa, 10:00etatik 14:00etara goizean eta 17:00etatik 20:00etara arratsaldean. Otsailaren 18a izango da Gorritiren lanak ikusteko azken eguna.