Hondartzako Futbol Txapelketako sailkapena, zazpigarren jardunaldia amaituta

Jabi Gonzalez Toston 2024ko urt. 17a, 13:30

Kebidek taldeko jokalaria jaurtiketa egiten asteburuan Kirkilla-Enea jatetxearen aurka jokatutako partidan. (Jabi Gonzalez Toston)

Asteburuan jokatutako plaieroetako partiden emaitzek sailkapenak nola utzi dituzten jakitera eman du talde antolatzaileak. Hala, Celso Castro eta Arrano taberna taldeak berdinduta daude gizonezkoen A multzoaren buruan, Telesforo erretegia da B multzoko lehenengo sailkatua eta emakumezkoen multzoan Kebidek bakarrik geratu da lidergoan.

2023-2024ko Hondartzako Futbol Txapelketako multzoen fasea azken txanpan sartu da. Hiru partida baina ez zaizkie geratzen gizonezkoen taldeei ligako eta kopako kanporaketei ekin aurretik, eta, are gutxiago emakumeei. Gauzak horrela, sailkapenak gori-gori dira.

Gizonekoen A multzoan, Celso Castro eta Arrano taberna taldeek berdinduta jarraitzen dute sailkapenaren buruan hemezortzina punturekin orain arte jokatutako partidak guztiak irabazita, seitik sei. Bi taldeek gizonezkoen multzoen faseko azken norgehiagokan neurtuko dituzte indarrak, hain justu. Beraz, gauzak orain arteko bidetik jarraitzen badute, erabakigarria izango da azken partida hori liderra erabakitzeko.

B multzoan, bestalde, Telesforo erretegia ageri da lehenengo postuan hamasei punturekin. Nolanahi ere, puntu bakarreko aldea ateratzen dio bigarren sailkatuari, Asti Pinturak, eta bikoa hirugarrenari, Balearri-Astillero.

Emakumezkoen multzoan, azkenik, Kebidek bakarrik geratu da lidergoan Lukas Ardotegiaren  igandeko ez usteko porrotaren ondoren. Punturik lortu gabe azken sailkatua zen Getariako Mayflower taldearen aurka galdu zuen Lukasek, eta, ondorioz, denboraldiko lehenengo hiru puntuak bildu zituzten getariarrek. Hala, hamasei punturekin Kebidek da liderra, esan bezala, hamabost ditu bigarrenak, Orbela tabernak, eta hamahiru Lukasek, hirugarren postuan orain.