Gradu erdi gutxiago izango du aurtengo txakolinak

Jabi Gonzalez Toston 2024ko urt. 17a, 18:00

Getariako Txakolina jatorri izendapenak –Zarauzko sei upategi tartean– San Anton egunez aurkeztu du uzta berria, eta herritarrek dagoeneko eman dizkiote lehen tragoak zukuari. Aurreko urtean baino %20 gutxiago ekoitzi dute.

Azken urteetako ohiturari jarraituz, San Anton egunez aurkeztu dute Getariako Txakolina jatorri izendapeneko azken uztaren emaitza Balentziaga Museoan. Ondoren, lehenengo botilak zabaldu dituzte herriko pilotalekuko karpan eta zuku berriaren dastatzeko beta izan dute bertaratuek.

Bada, Itziar Eizagirre sor-markako kontseiluburu izendatu berriak azaldu duenez, iazkoa baino gradu erdi baxuagoa da aurtengoa: %11koa, zehazki. Horren zergatia ere zehaztu du: "Mahatsek eguzkiak jotzea behar dute graduazioa igotzeko eta 2023ko uda euritsua izan da". Horrez gain, uzta aurreko urtekoa baino %20 txikiagoa izan dela jakinarazi du Eizagirrek: 2,7 milioi litro orotara. Nolanahi ere, "oso pozik" agertu da "kalitatezko produktua" ekoitzi dutelako, haren hitzetan, eta txakolinak eutsi dielako berezitasun nagusi dituen "garraztasunari eta txinpartari".

Harago joan da Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Elikagaien Politiketarako sailburuordea; izan ere, nabarmendu du Getariako Txakolina "Euskadiren ikur nagusietako bat" bihurtzen ari dela nazioartean. Zentzu horretan, gaineratu du Japoniara egindako bisitan lehen eskutik ikusi dutela: "Japonia-Euskadi urtea izan zen 2023a eta hara joan ginenean jabetu ginen zer nolako sarrera duen txakolinak kanpoko merkatuetan. Gainera, Euskadiren nortasunarekin oso ongi lotzen den produktua denez, ate asko zabaltzen dizkigu munduan".

June Yamaguchi Mahasti Andere

Txakolina Japonian zabaltzeko lanean, hain justu, Donostian bizi den June Yamaguchi japoniarrak izan du zeresan handia. Horregatik, hari eman diote aurtengo Mahasti Anderearen oroigarria. Euskal eta japoniar kultura ditu pasio Yamaguchik eta Getariako Txakolina nahiz euskal gastronomia zabaltzeko egiten duen lana aitortu nahi izan diote.

Yamaguchi, bere aldetik, oso eskertuta agertu da oroigarria eskuetan, harentzat "esanahi handia duelako". Hori horrela, hitz eman zuen are lan handiagoa egingo duela aurrerantzean «"asotako aitortzaren mailan egoteko".

Japoniarrak "txakolinaren magia" ere goraipatu du: "Edari honek txinparta du. Besteengana irekitzeko eta une atseginak bizitzeko aukera ematen digu. Txakolinari esker, oso lagun harreman onak eraiki ditut eta esan dezaket hartaz maitemindu naizela. Gainera, nire lana txakolina Japonian sustatzea denetik, are handiagoa da sentipen hori edariarekiko ez ezik, baita lurralde honekiko ere".