Indarkeria matxistari aurre egiteko Gipuzkoako Erakundeen Mahaian izan da Xabier Txurruka

Mireia Galarza Bastida 2024ko urt. 20a, 12:30
Xabier Txurruka, ezkerretik hasita lehenengoa, Gipuzkoako Erakundeen Mahaian. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2023ko martxoan jarri zuen martxan indarkeria matxistari aurre egiteko Gipuzkoako Erakunde arteko Mahaia. Asteazkeneko bilkuran 2023ko jardueren balantzea egiteaz gain, 2024ko aurreikuspenei heldu zieten. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2023ko martxoan jarri zuen martxan indarkeria matxistari aurre egiteko Gipuzkoako Erakunde arteko Mahaia, eta hamar hilabete martxan egon ondoren, ordezkaritza politiko-teknikoa berriro bildu zen asteazkenean Donostian, tartean Xabier Txurruka Zarauzko alkatea.

Alde batetik, 2023ko jardueren balantzea egin zuten, eta, bestetik, 2024ko aurreikuspenei heldu zieten. Lehentasunezko helburuen artean, arreta jarri du Aldundiak biktima diren amen eta beraien seme-alaben esku-hartzean, eta 24 orduko krisi-zentro berriak gainerako operadoreekin koordinatzean. Azken helburu horretan jarduteko eta koordinatzeko protokoloak landuko dituen lantalde espezifiko bat ere sortuko dute.

Taldea Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen badu ere, beste zazpi udalek (tartean Zarautz), mankomunitate batek, Eusko Jaurlaritzak, Fiskaltzak, Epailetzak eta Abokatuen Elkargoak osatzen dute. Gainera, beste organo hauekin ere lankidetzan jarduten da: Eudel, Arartekoa, Emakunde, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, Gobernu zentraleko ordezkariordetzaren atzerritarren unitatea, eta interes espezifikoa duten eragileak, hala nola, emakumeen etxeak.