Kirkilla jatetxeko 'Paxo' eta Romero omenduko dituzte Sagardo Egunean

Aritz Mutiozabal 2024ko urt. 19a, 12:30

Sagardo Egunaren aurkezpen agerraldia. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Sagardo denboraldiari ongietorria emateko, iganderako Sagardo Eguna antolatu du Zurekin elkarteak. Hamar sagardotegitako sagardoa eta txuleta pintxoak dastatzeko aukera izango da.

Sagardo Eguna ospatuko dute igandean Zarauzko Lege Zaharren Enparantzan, Zurekin ostalarien elkarteak antolatuta, eta ohiturari jarraituz, herriko ostalarien lana aitortuko dute. Aurtengoan, Kirkilla jatetxearen jabe Romero Ameztoi eta Iñaki Olazabal Paxo omenduko dituzte. 2023an erretiratu ziren senar-emazteak 40 urtez Kirkillaren gidaritzaz arduratu ondoren. Hala, egindako lana aitortu nahi die Zurekin ostalarien elkarteak Sagardo Egunaren bueltan, igande eguerdian egingo duten irekiera ekitaldian. Motxian-Etxebeltz bertso eskolako kideek eta Goizeko Ihintza elkarteko txistulariek girotuko dute saioa. Gainera, familien txokoa ere izango da Sagardo Egunean, haurrek eskulanak eginez eta jolasean goza dezaten.
 
Ekitaldiaren bidez ongietorria eman nahi diote aurtengo txotx denboraldiari, eta sagardotegiek aurtengo sagardoa eskainiko dute bertan. Hain zuzen ere, aurtengo sagardoa oso «aromatikoa eta ohikoa baino zertxobait graduazio txikiagokoa» dela azaldu dute. Guztira, hamar sagardotegi bilduko dira jaialdian, guztiak ere Gipuzkoakoak: Aiako Izeta eta Satxota, Zestoako Ekain, Adunako Aburuza, Urnietako Altuna, Astigarragako Lizeaga eta Petritegi, Oiartzungo Ordozelai eta Usurbilgo Saizar eta Urdaira.


10 eurotan txartela

Sagardo Egunera bertaratzen direnek 10 euroko txartel batekin sagardo berria, txuleta pintxoa eta sagardogile guztien sagardoa dastatu ahal izango dituzte. Euskal Parrillak eskainiko ditu txuleta pintxoak. Gainera, berrerabilpena sustatzeko, kopa bueltatzen duenari 2 euro itzuliko dizkiote.