San Sebastian egunarekin abiatuko dituzte jaiak Urtetan

Aritz Mutiozabal 2024ko urt. 19a, 14:15
Urtetako Neska-Mutil Ardo elkarteko kideak iaz (Onintza Lete Arrieta)

Bertaratzeko autobus zerbitzua egongo da Zarauzko herrigunetik. Lehenengo asteburuan, hamaiketakoak, herri kirola eta erromeriak izango dira.

San Sebastian egunarekin hasiko dituzte auzoko festak Urtetan, eta ohi bezala, bi asteburutan banatu ditu ekitaldiak Urtetako Neska-Mutil Ardo elkarteak. Bihar egun handia izanik, urteroko moduan,  meza nagusiaren ondoren hamaiketakoa eskainiko dute auzo elkartean, eta etzi herri kirol jaialdia izango da. Erromeria ere ez da faltako, zalantzarik gabe.

Gainera, bertaratzeko autobus zerbitzua izango da jaiak irauten duen bitartean: larunbatean, 10:00etan igo eta 14:00etan jaitsiko da, eta gauean, 22:00etan eta 23:00etan igoko da, eta 01:30ean, 02:00etan, 02:30ean eta 03:00etan jaitsi;  igandean, berriz, 10:00etan eta 12:00etan igoko da autobusa, eta 12:30ean eta 14:30ean jaitsi. Eguneko zerbitzuak 3 lineako geltoki denetan egingo du geldialdia, eta gaueko zerbitzuak hauetan: Hegoalde-Araban (Eroski), Azken Portun (Agoues) eta Urtetan.

Urtarrilak 20, larunbata
Sebastian Deunaren Eguna

  • 10:30. Meza Nagusia
  • 11:00. Hamaiketakoa, auzo elkartean.
  • 22:30. Erromeria Ostolaza eta Larrañagaren eskutik, auzo elkartean.
  • Jarraian, DJ Indate goizeko ordu txikiak arte.

Urtarrilak 21, igandea

  • 10:30. Meza Nagusia.
  • 11:00. Hamaiketakoa, auzo elkartean.
  • Ondoren, herri kirol festa Izeta harri-jasotzaile eskolako neska-mutilen eskutik.
  • Goiza amaitzeko, sokatira desafioa auzoko Neska-Mutil Ardoaren eta ezkonduen artean
  • Goiz osoan, Aratz eta Maria trikitilariak giroa alaitzen
  • 18:30. Erromeria Elustondo anai arrebekin.