Hausnarketak eta asmoak elkarbanatzeko elkartu dira eskualdeko euskara taldeak

Maialen Etxaniz 2024ko urt. 22a, 10:37
Azpeitiko Zaparraie, Zumaiako Larraina eta Zarauzko Zirika euskara taldeetako kideak. (Zaparraie)

Azpeitiko Zaparraie, Zumaiako Larraina eta Zarauzko Zirika euskara taldeek bilera egin zuten joan zen ostegunean, elkarren asmoak partekatzeko. Aurrerantzean, "biltzeko eta elkarlana aztertzeko prest" agertu dira.

Zumaiako Larraina, Zarauzko Zirika eta Azpeitiko Zaparraie euskara taldeek bilera bat egin zuten joan zen ostegunean, Zarautzen, elkar ezagutu eta elkarren hausnarketen eta asmoen berri izateko.

Hiru eragileetako kideek adierazi dutenez, eskualdean "oraindik asko falta da euskararen berreskurapenerako", eta bide horretan ekarpena egin nahi dute: "Eskualde euskalduna da Urola Kosta: lau lagunetik hiruk badakite euskara. Gainera, euskararen normalizaziorako baliabide garrantzitsuak ditugu. Dena dela, gure eskualdean ere oraindik asko falta zaigu euskararen berreskurapenerako, barne eta kanpo faktoreengatik, eta beharrezkoa da herritarron bultzada ere".

Hain zuzen, "herritarren eta eragileen euskararen erabileran eragitea" da Larraina, Zirika eta Zaparraie euskara taldeen helburu nagusia. Bide horretan lanean jarraituko dutela jakinarazi dute, eta "prest" agertu dira aurrerantzean biltzen jarraitzeko eta elkarlana aztertzeko.

Larraina 2019an sortu zen, Zirika duela urte erdi bat, eta Zaparraie berriki, joan zen hilean.