Itaiak indarkeria matxistari aurre egiteko proposamen politikoa aurkeztuko du etzi

Jabi Gonzalez Toston 2024ko urt. 24a, 11:45
Itaiako kideek A25aren harira joan den azaroan Gaztelekuan eskaini zuten hitzaldia. (Urola Kostako Itaia)

Emakumeen antolakunde sozialistako kideek 18:30etik aurrera emango dituzte azalpenak Gaztelekuan.

Urola Kostako Itaia emakumeen antolakunde sozialistak indarkeria matxistari aurre egiteko garatu duen proposamen politikoaren nondik norakoak azalduko ditu. Horretarako, aurkezpen ekitaldia egingo dute etzi 18:30ean, Gaztelekuan.

Itaiaren hitzetan beharrezkoa da "sendoak" izatea, matxismoak barnebiltzen dituen zapalkuntza esparru guztiei irmotasunez erantzuteko. Helburu horrekin, hain justu, emakume langileen askapenari ekarpena egingo dion proposamen politikoa garatu du antolakunde sozialistak, eta, emakumeentzako bide-orria izatea du xede sozialismoaren alde antolatu daitezen. Izan ere, uste dute antolatzea dela modu eraginkorrena emakume langileen bizi eta lan baldintzak hobetzeko. Itaiak 2022an osatu zuen etzi Gaztelekuan aurkeztuko duen proposamen politiko hori eta joan den abenduaz geroztik, antolakundearen webgunean ere kontsultatu daiteke eskuorri formatuan.