Iker Erkizia: "Garrantzitsua da jokalariekin harreman sanoa izatea"

Aritz Mutiozabal 2024ko urt. 25a, 10:00

Aritzbatalde kiroldegiko pistan zein beste kirol instalakuntzetan boluntario moduan dabil lanean Iker Erkizia, ZKE Eskubaloiaren barruan. Atzo arratsaldean, Kirol Sarien ekitaldian bere lan eskerga aitortu zuten, Modelon.

Kirola Bizi saria jaso berri duzu, egiten duzun boluntario lana aitortzeko. Nola jaso zenuen albistea?

Bada, lanean nengoen, eta sakelako telefonoan ezkutuko zenbaki batetik eginiko deia jaso nuen. Ezagutzen ez nuenez eta lanean ari nintzenez, eseki egin nion. Atzera, berriro hots egin zuen, eta ez nuen hartu. Orduan, Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziak Whatsapp mezua bidali zidan saria lortu nuela azaltzen. Hasieran ez nuen sinisten, ez bainuen inolaz ere espero.

Zer pentsatu zenuen momentu horretan? Nori esan zenion lehenengo?

Ez dakit... Zur eta lur geratu nintzen. Lanean nengoen, eta ezustean harrapatu ninduen zinegotzi bat nirekin harremanetan jartzeak sari bat eman nahi zidatela esanez. Nik zer pentsatuko nuen halakorik gertatuko zitzaidanik! Beraz, ilusio handia egin zidan.

Lanean ari nintzenez, nire ondoan aritzen den lankideari esan nion lehendabizi. Gero, Hitzan argitaratu zenean, jende askok bidali zizkidan zorion mezuak, eta beste hedabide batzuetan ere atera zenean, jendeak ni zoriontzen jarraitu zuen. Famatu ez egiteko esaten zidaten askok, bestela ezingo nuela aurrerantzean eskubaloiko pistara lasai  sartu.

Konta ezazu zer den zure egitekoa ZKE Eskubaloian. Zeintzuk dira zure ardurak?

Partidak dauden egunetan, 09:00 aldera joaten naiz Aritzbatalde kiroldegiko pistara. Epaileei aldagelak irekitzen dizkiet, markagailua pizten dut eta halako gauzak egiten ditut. Igande arratsaldeetan saskibaloi partidak jokatzen direnez, eremua eta markagailua txukun jartzen ditut haientzat.

Horrez gain, beste ardura potolo bat ere baduzu: partidak grabatu eta zuzenean ematea.

Amenabarreko eta Aialako gorengo taldeen partidak bideoz grabatzen ditut, eta Youtube bidez zuzenean eman. Goiko kategoria horietan derrigortuta gaude hori egitera, jendeak edozein tokitatik ikus ditzan neurketak. Alde horretatik, eskerrak ere ematen dizkigute.

Beraz, zugatik ez bada, ez dago eskubaloiko asteburuetako partidarik sarean.

Tira, nigatik bakarrik ez! Alboan nire lagun bat izaten dut. Aurretik, beste laguntzaile bat izaten nuen, baina hark utzi egin behar izan zuen epaile titulua atera zuelako eta partidaz partida horretan hasi zelako. Bakarrik geratu nintzenez, Gorka lagun getariarra animatu egin zen.

Nola suertatu zitzaizun ZKE Eskubaloian laguntzen hasteko aukera?

Hasieran eskubaloiko zalea nintzen, eta taldeak animatzera joaten nintzen Aritzbataldera. Ondoren, pare bat pertsonak galdetu zidaten ea infantil mailako taldeen delegatua izan nahi nuen. Halaxe hasi nintzen, eta gaur egun arte hementxe jarraitzen dut. Gero eta ardura gehiago ditut, eta konfiantza osoa dute nigan. Azkenean, epaileek ere deitu egiten didate markagailua jartzera joateko, ni gabe partidak ezingo direlako aurrera eraman. Jendeak txantxetan dio 112 larrialdietako zenbakia bezala naizela.

Deia egin eta berehala han zaude. Efizientea zara, beraz.

Bai, bai, hala da. Dei egiten badidate, hantxe joaten naiz ziztuan Aritzbataldera edo Antonianoko kiroldegira.

Zarauzko kirol arloko jendeak bozkatzen du nor saritu urtero. Zu hautatuetako bat izateak herrian maitatua zarela esan nahiko du, ezta?

Espero dut baietz, bestela ez ninduketen bozkatuko. Nire alde egin baldin badute, jende asko ados egongo zelako izango zen.  Eskubaloiko familian eta zaleen artean oso maitatua sentitzen naiz. Jokalariekin ere harreman bikaina dut, eta elkarren artean brometan aritzen gara. Nik uste dut hori garrantzitsua dela, guztion artean erlazio sanoa eduki dezagun.

Eta zuk jokatu al duzu inoiz eskubaloian?

Ez, ikustearekin nahikoa izan dut. Beste kirol batzuk landu izan ditut nik; adibidez, palaz aritzen naiz batzuetan. Garai batean partidak jokatzen nituen nire kuadrillakoekin batera, baina orain jada ez.

Baina zure kuadrillakoek jarraitzen dute, eta maila oso onean, gainera.

Bai, hala da. Talde hori Haritz Lertxundi eta bion eskutik sortu zen Zarautzen, eta pentsa nolako oihartzuna hartu duen egun. Azken finean, ZKEk egindako ahalegina ere kontuan hartzekoa da.

Mugak gaindituta, kirol egokituak ikusgarritasuna eta babesa ditu egun. Adibidez, Zumaian jokatu zen pilota egokituko txapelketa batera eskubaloiko jendea joan zen animatzera.

Hori ere detaile polita izan zen. Xabier Villar-eta eskubaloi partidetara etortzen dira animatzera, eta alderantziz ere gertatu izan da. Esaterako, duela gutxi ZKEko Pilota Egokituko kideei pasilloa egin zieten Aritzbatalden eta ohorezko sakea egiteko aukera izan zuten.

Zuk guztia grabatuko zenuen. Zer sentitu zenuen?
Poza. Lertxundi eta biok ekin genion pilota egokituko sistemari Zarautzen, eta hori asko hazi da ordutik. Aukera hori edukitzea benetan garrantzitsua dela iruditzen zait.