Xavier Curto: "Ezinbestekoa da administrazioek plastikozko bolatxoen gaineko araudia erregulatzea"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2024ko urt. 25a, 11:26
Xavier Curto Surfrider Foundation Europe erakundearen koordinatzailea Orioko Antilla hondartzan. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Urtarrilaren hasieran milioika plastiko bolatxo agertu ziren Galiziako kostaldean, eta horrek agerian utzi du itsasoan plastikoek eta mikroplastikoek sortzen duten kutsadura eta kaltea.

Galiziara iritsi ziren plastikozko bolatxoen isuriak alarma guztiak piztu zituen urtarrilaren hasieran, ordura arte askorentzat ezezaguna zen gaia jarri baitzuen mahai gainean. Ondo ezagutzen du arazoa Orion bizi den Xavier Curto kataluniarrak. Surfrider Foundation Europe erakundearen koordinatzailea da Espainian, eta urteak daramatza mikroplastikoen kutsaduraren kontra borrokan. "Aspalditik ikus ditzakegu plastikozko bolatxoak hondartzetan. Galiziara iritsi den isuria esanguratsua izan da, arazoa agerian utzi duelako. Hala ere, azken isuri hori Europan galtzen denaren zati txiki bat besterik ez da, %1era ere ez baita iristen". Curtoren esanetan, egunero isurtzen dira plastikozko pinportak etengabe; batzuetan oso isuri txikiak izaten dira, eta beste batzuetan, berriz, handiagoak. "Europako Batzordearen hainbat ikerketaren arabera, urtero 170.000 tona galtzen dira. Galiziako kasuan, milaka zaku isuri dira Portugalgo kostaldean, eta Galiziara bat-batean milioika plastikozko bolatxo iristeak eragin du gertakaria oso bisuala izatea".  

Galiziako isuria komunikabideetan oihartzuna izaten hasi zenean, zenbait herritar erakundearekin harremanetan jarri ziren, euskal kostaldera iritsi zirela esanez. "Nahastea sortu zen orduan. Zaila da Galiziako bolatxoak diren ala ez jakitea analisi kimikorik egin gabe. Jakingo dugu iritsi direla zaku osoak iristen badira edo bat-batean hondartzaren batean milioika pilatzen hasten badira. Hondartza guztietara ez dira kopuru berean iritsiko, korronteak, haizeak eta egon daitezkeen denboraleek eragina izango dutelako. Horregatik da zaila aurreikuspenak egitea", adierazi du.
Behin hondartzetara iristen direnean zer egin galdetutakoan, bilketa nahiko zaila dela aitortu du kataluniarrak. "Zakua osorik aurkituz gero, ur bazterretik erretiratu behar da, mareak bueltan itsasora eraman ez dezan. Bolatxoak hondartzara sakabanatuta iristen direnean, berriz, bilketak antolatu beharko dira jasotzeko, baina ez da lan erraza izango; hain dira txikiak, asko hondarretan aurki daitezkeen maskor zati txikiekin edo harritxoekin nahas daitezke. Adi-adi begiratzen ez bada, hasiera batean ez dira ikusten, eta hondartzak garbitzeko erabiltzen diren ohiko makinek ere ez dituzte jasotzen".

Eragina ekosisteman

Plastikozko bolatxoek itsas ekosisteman eragiten duten inpaktuaren inguruan, Curtok uste du itsasoko faunan dutela «eraginik zuzenena», bizidunek jaten dituztelako. "Aurkitu izan dira organismoan mikroplastikoak edo plastikoak dituzten arrainak".

Bestalde, argi utzi nahi izan du plastikoa ez dela desagertzen. "Ehunka eta milaka urtetan itsasoan jarraituko du. Beraz, inpaktua ez da berehalakoa bakarrik, epe luzera ere hor jarraituko duelako. Plastiko horiek gero eta txikiagoak egiten joango dira mikroplastiko bihurtu arte, eta modu horretan errazagoa da bizidunen artean zabaltzea. Ikerketa batzuek frogatu dute konturatu gabe plastikoa barneratzen ari garela".

Curtoren iritziz, orain arte arazoari garrantzia kendu zaio, baina "osasun arloan eragina" izan dezakeela uste dute adituek. "Ingurumenean eragina izateaz gain, gizakiongana ere heldu daiteke. Azken bi-hiru urtetan egindako ikerketek aurkitu dituzte mikroplastikoak gernuan, odolean eta amaren esnean. Ez dakigu horrek epe luzera zer ondorio ekarriko dituen".

Surfrider Foundation Europen Espainiako koordinatzailearen iritziz, prebentzio lana egitea oso garrantzitsua da. Europako Ingurumen Agentziaren ikerketa baten arabera, urtero itsasoan hamar eta hamabi milioi tona hondakin galtzen dira. "Hori minutuero hondakin kamioi bat itsasora botatzea bezala da. Astakeria bat da, eta gizarteak ezagutu behar du errealitatea". Horregatik, Curtoren iritziz, hondartzetan zabor bilketak antolatzen direnean, jasotzen den kopurua baino garrantzitsuagoa izaten da "ingurumenaren zaintzaz kontzientziatzeko" egiten den ahalegina.

Prebentzioa giltza

Plastikozko pinportak jendearentzat ezezagunak badira ere,  plastikoaren industrian erabiltzen den lehengaia da. "Asko handitu" da material horren erabilera azken hamarkadetan, baina gaur egun Espainian eta Europan ez dago horri lotutako araudirik. "Horrek esan nahi du horiekin lan egiten duten enpresek ez dutela hartu behar prebentzio neurririk; ez dutela azaldu behar horietako zenbat galtzen dituzten, eta galduz gero ez dutela isunik ordaindu behar eragindako kalteengatik". Curtok uste du "hutsune handia" dagoela arlo horretan. "Pasa den urriaren 23an Europako Batasunak proposamena egin zuen plastikozko bolatxoen eta mikroplastikoen araudia kudeatzeko, baina txosten horretan ez zen aipatzen itsasoko garraioa. Martxoan bozkatzen dutenean itsasoko garraioren araudia ere zehazten ez bada, Galiziakoa berriz gertatuko da, ez delako prebentzio neurririk egongo". Horregatik, Surf Rider Foundation erakundearentzat ezinbestekoa da "administrazioek plastikozko bolatxoen gaineko araudia erregulatzea". Gainera, behar-beharrezkoa deritzo "enpresei kanpo auditoriak pasatzea" identifikatzeko katearen zein unetan galtzen diren pinportak, eta hori gertatu ez dadin «neurri eraginkorrak ezartzea". 

Tarragonako (Katalunia) kasua, esaterako, esanguratsua iruditzen zaio Curtori. Tarragonan Espainiako Estatuko plastikoaren %60 ekoizten da. "Vila Seca herrian, esaterako, badago plastikozko bolatxoen kopuru izugarria duen hondartza bat. Guk tokiko erakundeekin elkarlanean egin ditugun bilketetan bi milioi pellet aurkitu ditugu ordu gutxitan". Kasu horretan, ordea, ez datoz isurketa puntualetatik, etengabeko isurketa txikietatik baizik, Curtoren arabera. "Hondartza horren inguruan badira plastikoarekin lan egiten duten industrialdeak, eta lurreko garraioan galdutakoak hondartzara iristen direla uste dugu". Horren aurrean, enpresa horiek ingurumen ardurak har ditzaten ekintza legala abiatu zuen udazkenean Surf Rider Foundation erakundeak, Good Karma Projectekin batera. Kataluniako Generalitateak onartu egin zuen, espedientea ireki die enpresa horiei eta gaia ikertzen ari dira erabakitzeko enpresa horiek kutsadura horren arduradunak diren eta horri aurre egiteko zer neurri hartu behar dituzten. "Uste dugu biltegian gordetzean, garraioan edo manipulazioan neurri prebentiboak hartuta etengabeko material galera hori saihes litekeela neurri handi batean. Plastikozko pinportak ez daude substantzia toxikotzat edo hondakintzat hartuta; lehengaia direla ulertzen da, eta, ondorioz, orain arte ez zaie garrantzirik eman. Orain ari dira Kataluniako Hondakinen Legea sortzen, eta bertan plastikozko bolatxoen gaia arautzen bada, uste dugu beste lurralde batzuetan edo Espainian gaia erregulatzeko lehen urratsa izan daitekeela".

Galizian gertatu den ingurumen ezbeharrak ere araudiak ezartzearen garrantzia agerian uztea espero dute. "Martxoan bozkatuko da Europako araudia, eta espero dugu gertatutakoak itsasoko garraioa erregulatzeko beharra azaleratzea".