30 urte bete ditu Lizardi eta Xavier Marmierren arteko harremanak

Jabi Gonzalez Toston 2024ko urt. 26a, 11:00
Ikasle trukean parte hartu duten Lizardi institutuko ikasleak eta Pontarlierreko Xavier Marmier lizeokoak elkarrekin. (Lizardi institutua)

Zarauzko institutuko ikasleak joan den astean izan ziren Pontarlierren, eta martxoan etorriko dira hangoak. Azaldu dutenez, frantsesa baino askoz gehiago ikasi dute bertan.

Zarauzko Lizardi institutuaren eta Pontarlierreko (Frantzia) Xavier Marmier lizeoaren arteko ikasle trukeak 30 urte bete ditu. Bi herriak senidetuta ere badaude, eta irailean, ospakizuna egingo dute han. Hori horrela, Fernando Urien Lizardiko ikasgelaz kanpoko ekintzen arduradunaren eta elkartrukearen sustatzailearen hitzetan, "Pontarlier jada ez da udalerri ezezaguna Zarautzen". Azaldu duenez, "milaka familiak parte hartu dute proiektuan urte hauetan guztietan. Azkenengoan, esaterako, ikasle bat izan dugu zeinaren amak lehenengo ikasle trukean parte hartu zuen".

Hain justu, joan den astea igaro zuten Pontarlierren Lizardi institutuko egungo ikasleek. Ohi bezala, frantsesa ikasten duten DBH 3, 4 eta lehenengo Batxilergoko ikasleak joan ziren, zehazki, eta martxoan etorriko dira hangoak beste astebete pasatzera. Kaiet Albizu getariarra da azken elkartrukean parte hartu duen ikasleetako bat, eta lehenengo aldiz egin du. Bere frantses mailan hobekuntza antzeman duela dio, nahiz eta aitortu duen hasieran "gaizki" pasatu zuela: "Nire frantsesa ez da oso ona, eta zaila egin zait komunikatzea. Hala ere, asteak aurrera egin ahala lortu nuen hartu ninduen familiarekin konektatzea, eta askoz errazagoa izan da dena".

Urienen arabera, proiektuaren oinarria ikasleek hizkuntzak praktikatzea den arren, ez da horretara soilik mugatzen: "Bidaiatzen ikasten dute, zeren, esperientziak balio die ezezaguna zaien inguru batean mugitzeko. Horrez gain, beste gizarte eredu bat bertatik bertara ezagutzen dute, ez baita gauza bera hemengo lagunekin turismoa egitera joatea edo bertakoak diren herritarrekin egitea eta haiekin astebetez bizitzea. Modu horretan, lehen eskutik ikus dezakete nolakoak diren ikasleen arteko harremanak eta helduekin dituztenak, izan guraso, irakasle edo zuzendari".

Ezkerretik hasita Igone Azpiroz, Kaiet Albizu, Izar Jofre, Aina Peinador eta Fernando Urien. (Jabi Gonzalez Toston)


Horren harira, Pontarlierren hirugarrenez izan den Izar Jofre ikasle zarauztarrak azaldu du asteburuetako planetan igarri duela aldea, esaterako: "Asteburua iristen denean, harrera familiarekin pasatzen ditugu bi egun oso. Asteburuak etxean igaro ohi dituzte, eta irteeraren bat egitekotan, senideekin egiten dute. Hori oso lagungarria da guretzat familiarekin harremana egiteko eta gure frantsesa hobetzeko. Azken finean, elkarrekin egoteko eta hitz egiteko denbora gehiago izaten dugu. Haiek hona etortzen direnean, ordea, bestelakoak izaten dira asteburuak; izan ere, lagunekin kalera irteteko ohitura handiagoa dugu guk. Ikasleak gurekin eramaten ditugu, noski, eta, hala, taldean egiten ditugu planak".

Bi eredu

Asteburuak, dena den, aldatu egiten dira ikasturtearen arabera. Jofrek bezala elkartrukean hirugarrenez parte hartu duen Aina Peinador ikasle aiarrak azaldu duenez, trukea ikasturtero egiten duten arren, txandakatu egiten dute eredua: "Urte batean kiroleko elkartrukea egiten dugu, eta hurrengoan kulturala. Lehenengoan, kirol ekintza asko egiten ditugu, eskiatu, batez ere, eta, asteburuetan joaten gara inguruko hiriak edo bestelakoak bisitatzera. Hori, ordea, ez dugu  familiekin egiten; Lizardik antolatutako irteerak dira. Azken elkartrukea kulturala izan da, eta aste barruan egin ditugu irteerak, gure harrera etxeko ikasleak eskolan zeuden bitartean".

Azken horren harira, argitu dute Xavier Marmier ikastetxe publikoa den arren, goi mailako kirol errendimendurako barnetegia ere badela. Ipar eskia egiten duten kirolari gazteei dago zuzenduta, eta Frantziako zentro erreferenteetako bat da. Hala, ohiko ikasgaiak jorratzearekin batera, entrenamenduak izaten dituzte eskola orduen barruan. Hori horrela, herrialdeko txoko askotako eskiatzaile gazteak joaten dira bertara, eta txapelketak ez dituzten asteburuetan etxera itzultzen dira. Zarautzera etortzen direnean, berriz, beste kirol batzuk ezagutzeko aukera izaten dute. "Elkartrukea arnasgunea da haientzat", dio Urienek.

Alemania ere bai

Lizardik Augsburgeko (Alemania) beste zentro batekin ere egiten du elkartrukea duela sei urtetik. Pozik daude horrekin ere, nahiz eta proiektua oraindik "hasiberria" den, Igone Azpiroz zuzendariordearen hitzetan.

Pontarlierreko ikastetxearekin duten hartu-emanaz, bestalde, horrek ikastetxean izan duen inpaktua azpimarratu du: "Ikasle trukea pizgarria da gure ikasleentzat frantseseko ikasgaia aukeratzeko, zeren, badakite aukera izango dutela hara joateko. Ez dut esango lehen gutxietsita zegoenik, baina egia da orain erakargarriagoa dela". 

"Datak eta kopuruak bat etortzea zailena"

Lizardiren eta Xavier Marmierren arteko 30 urteko harremanean gorabehera ugari izan dira. Hala ere, hartu-emanari eutsi diote beti, eta hala jarraitzeko asmoa dute.

Urte horietan guztietan "zailena agendak eta ikasle kopuruak bat etortzea" izan dela dio hastapenetatik parte hartu duen Fernando Urienek: "Azterketa garaia ez dugu epe berean izaten, eta oporrak ere ez. Horregatik, zaila da bi aldeei komeni zaigun data egokia topatzea. Era berean, gaztelera ikasten duten haien ikasle kopurua eta gurea ez da berbera izaten".

Lizardiko ikasleak Pontarlierreko Xavier Marmier lizeon ariketak egiten. (Lizardi institutua)