Hainbat ekintza antolatu dituzte ostiraleko Hezeguneen Nazioarteko Egunaren harira

Jabi Gonzalez Toston 2024ko urt. 28a, 10:00
Zingirako urmaeletako bat. (Zarauzko udala)

Ion Garin Aranzadiko herpetologoak eta Aitor Cervidanes Neikerreko zientzialariak hitzaldia eskainiko dute bezperan, eta, Orokietako ikasleek zuhaitzak landatuko dituzte Iritako behatokian otsailaren 2an bertan.

Zarauzko Udaleko Ingurumen sailak bi ekintza antolatu ditu otsailaren 2ko, ostirala, Hezeguneen Nazioarteko Egunarekin bat egiteko. Hezeguneak eta giza ongizatea da aurtengo aldarrikapen eguneko leloa eta udalak aurrera eramango dituen ekintzetako lehenengoa ostegunean Ion Garin Aranzadiko herpetologoak eta Aitor Cevidanes Neikerreko zientzialariak Etxezabala aretoan, 19:00etan hasita eskainiko duten hitzaldia izango da. Zingira basoko urmaelei buruz arituko dira.

Ostiralean bertan, berriz, urteroko Zuhaitz eguna ospatuko dute. Hori horrela, zuhaitzak landatuko dituzte Irita hezeguneko behatokiaren ondoan. Aurten Orokieta Herri Eskolarekin egingo dituztenez Zuhaitz Eguneko ospakizunak, bertako ikasleekin egingo dituzte landaketak.

Hitzaldiari lotuta, bestalde, udalak ohartarazi du bertaratzeko interesa dutenek aldez aurretik jakinarazi beharko dutela zarautz@eraztunberdeurdina.eus helbide elektronikora mezua idatzita edo 943-00 51 59 telefonora deituta. Horrez gain zehaztu du, Garinen eta Cevidanesen hitzaldian azalpenak emango dituztela Aranzadiko eta Neikerreko ikerlariek joan den urtean Zingirako bi urmaeletan egindako azterketen ondorioei buruz.

Azken horren harira, udalak gogoratu du Aranzadirekin elkarlanean 2019an sortu zutela Zingirako urmaeletako bat eta 2022an bestea izaki urtarren mesederako. Ekintza horiek Zarauzko Udalak eta Aranzadik bizidun urtarren espezieen jarraipena bermatzeko azken bost urteetan egin dituzten kudeaketa lanen barruan sartzen dira.

Horrekin batera, hainbat dibulgazio ekintza ere bultzatu dituzte, eta, horretarako, anfibioak eta narrastiak aztertzeko ikerketa herpetologikoak egin dituzte, baita intsektuak aztertzeko ikerketa entomologikoak ere. Ildo horri jarraituz, Aranzadiko Botanikako kideak eta Neikerreko ikerlariek urmaeletako landareak eta eltxoak, eta anfibioen osasun egoera eta agertu dakizkieken gaixotasunak ere aztertu zituzten iaz. Bada, azken horien ondorioak izango dira, hain justu, Garinek eta Cevidanesek azalduko dituztenak.

Hezeguneen eta ongizatearen arteko lotura

Hezeguneei eragiten dieten iazko jarduerei lotuta, era berean, udalak nabarmendu du Zingirako urmaeletako bat Mikroklima: mikrohezegune sarea krisi klimatikoaren aurrean egitasmoaren barruan sartuta dagoela iaztik. Horrez gain, hezeguneen eta giza ongizatearen artean dagoen lotura estua ere azpimarratu nahi izan du udalak; izan ere, horren inguruan kontzientziatzea eta hezeguneak babesteko garrantziaz sentsibilizatzea da Hezeguneen Nazioarteko Egunaren xede nagusia.

Hari beretik, udaleko ingurumen sailak gogoratu du hezeguneek berebiziko garrantzia dutela muturreko fenomeno meteorologikoetatik babesteko, klima-aldaketa arintzeko eta biodibertsitatea zaintzen jarraitu ahal izateko. Horregatik, ezinbestekoa da haiek osasuntsu egotea. Azken urteetan, ordea, kontrakoa izan da joera, 1970eko hamarkadatik hezeguneen %35 inguru galdu baitira. Gainera, geratzen direnak basoak baino hiru aldiz azkarrago desagertzen ari dira eta horrek eragin zuzena du espezieen desagerpenean. Gizateriaren historiako beste edozein unetan baino azkarrago ari dira desagertzen.

Hezeguneek herritarren ongizatearen alde egiten dutela esatean aintzat hartu behar da, halaber, osasun psiko-emozionalean duten eragina; izan ere, naturaz, atsedenaz eta lasaitasunaz gozatzeko espazioak dira. Horregatik, haien ezagutza sustatzeak biodibertsitatean eta paisaian eragin positiboa izateaz gain, hiritarren ongizatean eragiten du, esan bezala.