Txuletaz eta bertsoz ederki ase dira Urtetan

Aritz Mutiozabal 2024ko urt. 27a, 14:30

XXIV. Mus Txapelketa Azkarra jokatuko dute gaur arratsaldean, Eliz-Mendi elkartean.

Urteta auzoan San Sebastian jaien bigarren asteburuan murgildu dira jada. Atzo gauean, giro ezin hobean, bertso afaria izan zuten Eliz-Mendi elkartean Iker Zubeldia eta Aitor Mendiluze bertsolariekin, eta Erkizi eta Enaitz trikitilariek girotuta. Urtetako Neska-Mutil Ardoko kideak buru-belarri aritu ziren sukaldean eta parrilan, eta bertaratu zirenek txuleta eder askoak dastatu zituzten, bertso saio politarerekin. Jardunaldia, erromeriarekin biribildu zuten jarraian.

Gaur, Urtetako XXIV. Mus Txapelketa Azkarra jokatuko dute auzo elkartean bertan, 16:00etan hasita. Lehiaketa honek jende ugari bertaratzen du, eta gaur ere hala izango da. Partidak lau errege eta lau usteletara izango dira, eta izen-ematea, bikoteko 20 euro. Sariak, berriz, horrela partituko dituzte: 1.bikotearentzat 400 euro, txapela eta trofeoak; 2. bikotearentzat 250 euro eta trofeoak; 3. bikotearentzat 150 euro; eta 4. bikotearentzat 100 euro.

Argazkiak: Urtetako Neska-Mutil Ardoa