Plaieroetako jokalariek herrian izandako eraso matxista gaitzetsi dute

Aritz Mutiozabal 2024ko urt. 28a, 14:50

Partidak hasi aurretik talde guztiak elkarretaratu dira gertakaria salatzeko, eta ondoren, norbere joko eremuan, minutu bateko eserialdia egin du.

Hondartzako Futbol Txapelketako antolakuntzak bat egin du Zarauzko mugimendu feministak egindako deialdiarekin, eta gaur goizean, plaieroetako talde guztiek bat eginda, aurreko astean herrian izandako eraso matxista gaitzetsi dute.

Lehenik eta behin, jardunaldia hasi aurretik, jokalari guztiak elkarretaratu dira, Indarkeria matxistari erantzun. Autodefentsa feminista! leloa zeraman pankarta zabalduz, eta argazki jendetsua atera dute. Ondoren, 11:00etan hastekoak ziren partida abiatu baino lehenago, minutu bateko eserialdia egin du talde bakoitzak norbere joko eremuan. Batzuk bere aldean, eta beste batzuk elkarrekin, baina guztiek gertakaria salatuz eta erasotuari babesa eskainiz.