Txanponaren bi aldeak ikusi ditu Xake taldeak asteburuan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko urt. 30a, 10:00
ZKEren Lehen mailako Xake taldeko jokalariak lehia betean joan den asteburuko Gipuzkaoko ligako hirugaren jardunaldian. (ZKE)

Preferente mailako laukoteak garaipen handia lortu du Azkoitian Gipuzkoako ligako hirugarren jardunaldian. Lehen mailakoak, aldiz, porrot gogorra jaso du etxean.

ZKE Zarautz Kirol Elkarteko Xake ataleko bi taldeek Gipuzkoako ligako hirugarren jardunaldiko partidak jokatu zituzten asteburuan, baina bestelakoak izan ziren lortu zituzten emaitzak. Preferente mailakoak 1-3 irabazi zion Anaitasuna Kakute taldeari, Azkoitian, eta Lehen mailakoak 0,5-3,5 galdu zuen etxean, Legazpiko Santikutz taldearen aurka.

Preferente mailako laukoteak jokatu zituzten partidei erreparatuta, lehenik eta behin,  Pablo Arrondok goraipatzeko berdinketa lortu zuen Hector Sanchez goi mailako jokalariaren aurka. Pieza beltzekin aritu zen Arrondo eta hasieratik ongi erantzun zien aurkariaren erasoei ongi antolatu zuen defentsarekin. Mikel Vicentek jokatutako partida berdinketarekin amaitu zen, era berean, baina pieza zuriekin aritu zen hura. Jon Lertxundik, aldiz, garaipena eskuratu zuen pieza beltzekin partida hasieran lortutako peoi baten abantaila baliatuz. Andoni Etxabek, azkenik, pieza zuriekin lortu zuen irabaztea. Hasieratik zorrotz jokatu zuen eta erdi jokoan iniziatiba lortu ondoren puntu baliotsua eman zion Zarauzko taldeari.

Lehen mailako taldeak, kontrara, galdu egin zuen etxean, esan bezala. Pieza zuriekin aritu zen Iñaki Altzibar gazteak joko garapenean atzerapen txiki bat izan ondoren, aurkariaren eraso bortitza jaso zuen bi dorre doblatuz eta endrokea hautsiz, eta galdu egin zuen. Iñaki Buruntzak ere galdu egin zuen, baina pieza beltzekin. Hori bai, partidarik luzeena eta estrategikoena izan zen harena. Peoi baten bueltan ibili zen aurkariarekin eraso-defentsan, baina azkenerako peoi hori galdu eta amore eman behar izan zuen. Jon Altzibarrek pieza zuriekin aritu zen, baina Altzibarrek eta Buruntzak bezalaxe, galdu egin zuen. Itxaropentsu zen taldea harekin ordura arteko ligako partida guztiak irabazita zituelako, baina haren ohiko joko erasokorrak ez zuen fruiturik eman. Damarekin erasoan ari zela defentsa zaintzeari utzi zion une batez eta aurkari legazpiarrak baliatu zuen hori garaipena lortzeko. Aitor Altzibar izan zen bere partida galdu ez zuen bakarra. Irabazi ere ez zuen egin, ordea. Pieza beltzekin aritu zen eta hasieratik desabantaila txiki batekin ibili bazen ere, amaierara nahiko berdinduta iristea lotu zuen meritu handiko partida jokatu ondoren. Azkenean, aurkariarekin berdinketa adostu eta puntu erdia eman zion taldeari.

Xake taldeek asteburuan lortutako emaitzekin Preferente mailako taldea hirugarren postuan dago sailkatuta hiru jardunaldi jokatuta, eta sailkapenaren behealdean kokatu da Lehen mailakoa. Bi taldeek Zarautzen jokatuko dute hurrengo jardunaldia: Elgoibarko Danobat taldearen aurka Preferentekoak eta Beasaineko Alfil taldearen aurka Lehen mailakoak.