Ehunka lagunek gogor gaitzetsi dute joan den asteko sexu erasoa

Andrea Zipitria 2024ko urt. 29a, 19:37

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak, Zarauzko Bilgune Feministak eta Morroxka taldeak deituta, manifestazioa egin dute joan den ostegunean adin txikiko neska batek jasanadako "eraso larria" salatzeko. Jendetza bertaratu da.

Pasa den ostegunean herrian gertatutako eraso matxista gaitzesteko, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak, Morroxkak eta Zarauzko Bilgune Feministak deituta manifestazioa egin dute arratsaldean, Lege Zaharren Enparantzatik abiatuta. Urola Erdiko Itaiak ere babestu du mobilizazioa. Ehunka herritarrek egin dute bat protestarekin, eta argi azaldu nahi izan dute ez dutela inolako erasorik onartuko.

Zarauzko Bilgune Feministak eta Morroxka taldeak "oso larritzat" jo dute herrian izandako azken eraso matxista. Lehenik eta behin, "babesa, ahizpatasuna eta elkartasuna" adierazi nahi izan dizkiete erasotutakoari, baita inguruko guztiei ere. "Argi eta ozen esan nahi dugu: guk sinesten dizugu!".

Manifestazioa Lege Zaharren Enparantzan hasi da, eta herrigunea zeharkatu ondoren, hasitako leku berean bukatu da. Bukaeran irakurri dute manifestua. Azaldu dute indarkeria sexistaren prebentzioa egiteko gaia "lehen lerroan" jartzea beharrezkoa dela, "erroko sentsibilizazio eta formakuntza lana egin behar dugu". Zentzu honetan eskatu dute eragile, administrazio nahiz elkarte bakoitzak bere ardura har dezala, "inork ez dugu herrian berriz horrelakorik gertatzerik nahi". Manifestua irakurri ondoren, parte hartu dute Lizardi institutuko bi gurasok, irakasleek, hezitzaileek zein hainbat ikasleek. Azken hauek "libre" izan nahi dutela adierazi dute ozen. Ekitaldia txalo artean bukatu da.

"Eraso larria"

Aurreko astean Zarautzen izandako eraso matxistak oihartzun handia izan du herritarren artean, eta gertakaria salatzeko, gaitzesteko eta biktimari babesa adierazteko irakurketak zein mobilizazioak berehalakoak izan dira. Zarauzko Udala izan zen erasoaren berri eman zuena, joan den ostiralean kaleratu zuen adierazpen instituzionalarekin. Jarraian, Gipuzkoako Foru Aldundiak plazaratu zuen adierazpena.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak gerora jakinarazi zuenez, ostegunean izan zen gertakaria. Egun horretan bertan gizon bat atxilotu zuten, neska adingabe bati sexu erasoa egitea leporatuta, eta ostiralean eraman zuten epailearen aurrera.