Datozen hiru urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu dute

Aritz Mutiozabal 2024ko urt. 31a, 09:00
Urtarrileko udalbatzarreko unetako bat. (UKT)

Joan den osteguneko udalbatzarrean eman zioten onespena Udal Gobernuko kideen aldeko botoekin. EH Bildu abstenitu egin zen, laguntza batzuk "faltan" ikusi zituelako eta beste batzuen kopuruekin bat egiten ez zuelako. Bestalde, Araugintza Plana aho batez onartu zen, nahiz eta koalizio abertzaleak etxebizitza arloan hobetu beharreko zenbait proposamen egin zituen.

Dirulaguntzen gaia izan zen urtarrileko udalbatzarreko hizpide nagusia. 2024-2027 urterako Zarauzko Udaleko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu zuten lehenik eta behin, EAJ eta PSE-EEko zinegotzien aldeko botoekin; EH Bilduk, aldiz, abstenitu egin zen. Plan estrategikoak definitzen ditu Zarauzko Udalak dirulaguntzen inguruan hurrengo urteetarako dauzkan irizpide eta egitasmo nagusienak.

Planean jasotako dirulaguntzekin ados dagoela nabarmendu zuen Itziar Murua EH Bildu udal taldeko bozeramaileak, baina “faltan botatzen ditugun batzuk badira eta beste batzuen kopuruekin ez gatoz bat”, azaldu zuen. Udal aurrekontuetan koalizio abertzaleak Udal Gobernuari proposatu zizkion eskaeretan txertatutako dirulaguntzak dira faltan botatzen dituenak,  eta “bere garrantzia ematen jarraitzen diegu".

Etxebizitzaren eskubidean aurrerapausoak emateko proposamenak, dela emantzipaziorako laguntzak bideratuz dela etxebizitzak alokairuan jartzeko; auzoetako jaien aurrekontua %5era igotzea; Urolako Komunikazio Taldeari laguntzeko partida igotzea; merkataritza txikia laguntzeko, lehen urtean alokairurako laguntzak; kulturako sormen laguntzak 9.000 eurotara igotzea. “Iruditzen zaigu zarauztarren bizitzak hobetzeko dirulaguntzak izango liratekeela, baldin eta emango balira. Planean jasotzen diren laguntza ia denekin ados gaude, baina faltan botatzen ditugun horiengatik, abstenitu egingo gara”.


EAJko bozeramaile Jesus Aranak aurrekontuetan esandako modu berean erantzun zuen: "Nahiz eta behar batzuk ikusi, bai etxebizitzan bai aipatu dituzuen puntu horietan, ezin da kopuru bat jarri boteprontoan”. Era berean, Etxebizitza Plana aurrera doala gogoratu zion EH Bilduri, eta “alokairuan dirulaguntzak eman baino lehen, alokairuan dauden etxebizitzak” egon behar dutela nabarmendu zuen Aranak: “Gaur egun, eskasia dago”. Azken agintaldietan Udal Gobernuak bultzatu dituen etxebizitza plan ezberdinak bideratuta daude “etxebizitzak egotera, ondoren alokatu ahal izateko”.

Merkataritzako beharrei dagokienean, lehenengo PERCO bat jarriko du martxan Udal Gobernuak, eta azterketa horren ondoren ikusiko dute zer motatako laguntzak eta zer baldintzetan eman beharko diren dirulaguntza horiek. Aranak adierazi zuen PERCOak zehaztuko duela Zarauzko merkataritzaren egoera zein den, beraiekin elkarlanean egingo den planaren bitartez. Plan Estrategikoa aldatu daitekeela ere azpimarratu zuen EAJko bozeramaileak, “agintaldi hasierako plana baita”. Gainera, hainbat arlotan martxan jarrita dagoela gaineratu zuen, eta azterketa horien emaitzei esker ikusiko dutela zer behar sortzen diren eta zer dinamika daukaten behar horiek.

Gloria Vazquez bozeramaile sozialistak adierazi zuen Udal Gobernuaren Etxebizitza Planean kontenplatzen dela etxebizitza libreak merkatura ateratzea alokairurako. “Hainbat neurri jar daitezke, baina aztertu eta ondo sakondu beharreko gaia da”, iritzi zion Vazquezek.

Arlo guztietan berdintasuna

Hainbat zerbitzuetako eta departamentuetako dirulaguntzen oinarri espezifikoeen ordenantzei ere bide eman zieten, aho batez, udal alderdi guztietako zinegotzien aldeko bozkarekin. Hain justu ere, hamar izan onartutako ordenantzak: Gizarte Zerbitzuetakoa, Kultura departamentukoa, Zarauzko ikastetxeei programa osagarriak egitekoa, senidetze eta elkartrukekoa, Parekidetasun departamentukoa, Gazteria departamentukoa, Kirol departamentukoa, euskararen erabilera sustatzekoa, errotuluak, irudi korporatiboa eta webguneak euskaraz jartzekoa, eta euskara ikastaroak egitekoa.

Era berean, udaleko dirulaguntzen ordenantza orokor arautzailean aldaketa proposatu eta onartu zuten: berdintasun ordenantzaren aldaketarekin bat eginez, arlo guztietako dirulaguntzetako oinarrietan gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bermatuko duen irizpideak txertatuko dituzte. “Orain ordenantza berriarekin hobetze batzuk gaineratu dizkiogu, beraz, berdintasun kriterioak %5ekoa izan behar duela puntuazio osotik“, zehaztu zuen Gloria Vazquezek. Aldaketa honi ere aho batez eman zioten onespena.

Araugintza Planari baiezkoa

Udalbatzarrean landu zuten beste gaietako bat 2024. urterako Zarauzko Udalaren Araugintza Plana izan zen. Alderdi guztiek aldeko botoa eman zioten, baina EH Bilduk faltan botatzen dituen zenbait proposamen eraman zituen mahai gainera, batez ere etxebizitzaren ingurukoak. Itziar Muruak kezkatuta agertu zen apartamentu turistikoen araudi faltarekin. “Kopurua handitzen ari da, eta uste dugu premiazkoa dela”, esan zuen zuen, eta espero du udala egiten ari den etxebizitza azterketaren emaitzak ikusitakoan hartuko dela kontuan.

Etxebizitzaren gaiarekin lotura duten beste bi ordenantza izan zituen jomugan EH Bilduk: bata, etxebizitza tasatuena, eta bestea, lokalak etxebizitza bihurtzearena. Etxebizitzarena “arazo handia” dela Zarautzen azpimarratu zuen koalizioko bozeramaileak, eta “dagokigun ertz guztietatik eragiten” saiatu behar dela. Horregatik uste du bi ordenantza hauei “buelta bat eman” behar zaiela. “Laster zozkatuko direla hurrengo etxebizitza tasatuak, eta badakigu zer-nolako baldintzak eskatu diren eta nolako prezioak izango dituzten. Tasatuak izanda eta laguntza izanda ere, oso prezio altuko etxebizitzak dira. Udal ordenantza horrek zerbait eragin dezakeela uste dugu, batik bat koefizienteetan aldaketak egiten baditugu”. Gauza bera irizten diotela berretsi zuen Muruak lokalei dagokienez: “Legeari egokitzeaz gain, ikusi ere egin behar da herriari zer komeni zaion”.

Xabier Txurruka alkateak, bere hitzartzean, eskertu nahi izan zuen Udalbatza osatzen duten “hiru alderdi progresistok bat egitea etxebizitzaren proiektuaren inguruan”. Udal Gobernuak Etxebizitza Plana abian jarri zuenean, “argi geneukan Zarautzen dagoen eta zarauztarrek dituzten etxebizitza beharrei erantzun behar geniela”, gogora ekarri zuen Txurrukak. Horrek “abaniko zabala” hartzen duela nabarmendu zuen, “bizigarritasun baldintza okerretan daudenetatik diru sarrera egokiak dituzten herritarretaraino”. Izan ere, “kasuistika oso zabala da”.

EH Bilduri erantzunez, alkateak zehaztu zuen etxebizitza tasatuak direla etxebizitza libreak erosteko aukera ez duten herritarrentzat: “Tasatuak, gaur egun, libreek duten prezioaren erdian esleitzen dira”. Esleipendunek ere baldintza batzuk bete behar dituzte , “ordainketak ere potenteak” direlako, eta horri “erantzun” behar diote. “Horregatik dituzte baldintza horiek ezarrita”, argudiatu zuen Txurrukak.

Era berean, nabarmendu zuen Jaurlaritza 300 zuzkidura bizitoki eraikitzen ari dela Salberdinen, eta apartamentu horiek alokairuan emango dituztela hilean 250 euroren truke. Horrez gain, alokairura bideratuko diren beste 97 etxebizitza ere egiten ari direla azaldu zuen alkateak, eta Iritan eraikitzekoak diren etxebizitza gehienak babes ofizialekoak eta zuzkidurako bizitokiak izango direla . “Beraz abanikoa oso zabala da, eta abaniko hori modu orekatuan erantzuten saiatu gara zarauztarrek dituzten beharrei”, ihardetsi zuen.