Begirada, komunikatzeko ipar

Jabi Gonzalez Toston - Gorka Eizagirre 2024ko urt. 31a, 11:00

Hitz egitea eragozten dion desgaitasun fisikoa du Paule Zulaikak. Nolanahi ere, aurkitu du horretarako modua: eye-tracking teknologia, hain zuzen ere. 

"Robota da", dio  Paule Zulaikak (Lekeitio, Bizkaia, 2008) komunikatzeko balitzen duen gailuaren ahotsaz. Argi du bere hitzak entzunarazten dituen bozgorailutik ateratzen den ahotsa ez dela berea. Gazteak Donostiako Irisbond enpresak garatu duen teknologia berritzailea darabil hitz egiteko; izan ere, ez da gai bere kabuz egiteko. Ez, behintzat, ohiko moduan.

Jaioberria zela odol zirkulazioan izan zuen arazoak bizi osorako ondorioak utzi dizkio lekeitiarrari: jaio eta ordu gutxira ez zitzaion odola garunera iritsi tarte batez, eta, ondorioz, gaitasun motriz finei eragiten dien burmuineko zonaldea hil zitzaion. Horregatik, mugikortasun arazoak ere baditu. Muga fisikoetatik harago, ordea, arlo kognitiboan, ez du inolako desgaitasunik. Hori horrela, Irisbondek sortutako gailuak "barruko espetxetik kanpora irteteko aukera" eskaini diola adierazi du Gaizka Zulaika (Zarautz, 1971) aitak.

Mugitzeko behar duen gurpil aulkiari lotutako pantailaren bidez hitz egiten du Paulek. Adierazi nahi dituen hitzak begiekin idazten ditu gazteak pantailako teklatuan, eta, ondoren, irakurtzeko agintzen dio gailuari. Donostiako enpresak garatutako eye-tracking teknologiak ahalbidetzen dio hori egitea; izan ere, begiradaren jarraipena egiten du pantailak hainbat sentsoreren bidez, eta, hala, gailuko sagua begiekin mugitzeko aukera ematen die erabiltzaileei. Hori bai, komunikatu nahi dutena hizkiz hizki idatzi behar izaten dute. Dena den, azken urteetan  emandako aurrerapausoei esker, sistemak berak aurre hartzen die askotan eta adierazi nahi duten hitza proposatzen die.

Paule Zulaika gurpil aulkian, aurrean Irisbond enpresak garatutako pantaila duela, eta atzean Gaizka, aita. (Jabi Gonzalez Toston)


Komunikatzeko zailtasunak dituzten pertsonei eye-tracking teknologiak lanak erraztu dizkien arren, oraindik ezin dituzte elkarrizketa azkarrak izan, denbora behar dutelako erantzunak idazteko. Horregatik, "pazientziaz" hartu beharreko elkarrizketak direla azpimarratu du aitak. "Paulerentzat guretzat baino etsigarriagoa da, ezin duelako besteen erritmoa jarraitu, nahiz eta haren burua gai den. Zentzu horretan, Iria ahizpa gazteari berehala ezin erantzutea egiten zaio gogorrena. Hark asko laguntzen dio, hori bai", gaineratu du.

Kontrara, bestelako gaitasunak bereganatu ditu alabak bere mugei aurre egiteko. "Mezuak sintetizatzen ikasi du eta harrigarria da hitz gutxitan zenbat esaten duen", dio Gaizkak. Halaber, zehaztu du etxeko elkarrizketak erosoagoak direla kalekoak baino: "Etxeko pantaila kalerako jartzen dioguna baino handiagoa da, eta, ondorioz, errazagoa da hizki bakoitza aukeratzea".

DBH 4ko ikaslea

Etxean bezalaxe, ikastetxean ere pantaila handiagoa du Paulek. Hain justu, eskolak gainerako ikaskideekin batera jarraitzeko aukera ematen dio tresnak, baita azterketak egiteko ere; zeren, pantailan bertan egin ditzake ariketa guztiak, izan matematikak, idazlanak edo dena delakoak.

Azterketei lotuta, adinkideek baino denbora gehiago izaten du horiek egiteko. Dena den, horren arrazoia ez da irakasleek abantaila eman nahi diotela, baizik eta saguarekin aritzeak prozesua moteltzen duela. Azken finean, hizki nahiz ikur guztiak banan-banan hautatu behar ditu.

Lekeitioko Herri Eskolako ikaslea da Paule. DBHko 4. mailakoa, zehazki, eta argi du zer den etorkizunean ikasi nahi duena: "Informatika zikloa". Modu horretan, haren egoera berean diren pertsonak laguntzeko teknologien garapenean zuzenean parte hartzeko aukera izango du; izan ere, hark ezagutzen du beste inork baino hobeto zer behar dituzten. Lan horretan, akaso asmatuko du saguarekin soilik Fifa bideojokoan jolasteko modua, horretarako amorratzen baitago: "Futbolzalea naiz, eta Fifan jokatu nahiko nuke", dio. Gaur egun, Candy Crushean aritzen da, batez ere.

Lehen erabiltzaileetako bat

Gazte lekeitiarra duela sei urte hasi zen gailua erabiltzen. Lehenengoetarikoa izan zen, gainera. Aitak azaldu duenez, aldez aurretik ezagutzen zuten Eduardo Jauregi proiektuaren sortzailea, eta esku artean zuenaren berri ere bazuten: "Orduan Paulek ez zuen komunikatzeko gailurik,  eta iruditzen zitzaigun bazegoela horretarako bidea gailu honen bitartez. Irisbond enpresa teknologiko gaztea da, eta erabiltzaileak behar ditu proiektua garatzeko. Paulek, era berean, hezkuntza prozesuan aurrera egin ahal izateko beharrak ditu. Beraz, elkarren beharrak uztartu ditugu".

Alabak, bere aldetik, azaldu du gailua izan aurretik "piktogramekin" komunikatzen zela. "Abakoaren gisako sistema erabiltzen zuen: kartulina handi batean irudiak, silabak, hizkiak eta zenbakiak zituen, eta begiekin aukeratzen zituen. Hala, bata bestearekin elkartzen zuen, eta modu oinarrizkoan lortzen zuen komunikatzea adierazi nahi zuena", osatu du aitak. Horregatik, eye-tracking teknologia "sekulako oparia" izan dela dio Paulek, nahiz eta "kostatu" ere egin zaion bertara ohitzea. Gainera, teknologia oro bezalaxe, Irisbonden asmakizuna ere etengabe berritzen dute, eta horretara ere etengabe egokitu behar dute erabiltzaileek. Bada, eguneraketa horretan, Hezkuntza sailak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak parte hartze zuzena dute. Euskarazko idazketa aurreratua hobetzeko eta gailua hezkuntza sistemara egokitzeko lanean ari dira Zulaika familiarekin elkarlanean.

5.000 erabiltzailetik gora

Gaur egun 5.000 lagunetik gora dira mundu osoan hitz egiteko Irisbonden teknologia baliatzen duten pertsonak. Azkoitian, esaterako, bada beste bat: Ursula. Urtetik urtera gero eta gehiago dira, gainera. Horren harira, Gaizka Zulaikak azaldu du duela urte eta erditik Osakidetzak gailua jartzen diela beharra duten pertsonei. Horregatik, nahiko luke "herritarren artean ezaguna izatea, alabak kalean beharren bat izanez gero, jendeak lagundu dezan". Zarautzera etortzen den asteburuetan, adibidez.