Udalak jarritako "oztopoak borrokatzeko" dinamika abiatu du Dandak

Jabi Gonzalez Toston 2024ko urt. 31a, 13:30
Dandak 2019an antolatutako Gazte Egunean jarri zuten aldarrikapen karteletako bat. (Onintza Lete Arrieta)

Gazte asanbladak salatu duenez, modu independentean antolatzen diren eragileei ematen dizkieten baliabideak "miseriazkoak" dira, eta, gainera, "labirinto burokratiko amaiezinak" igaro behar dituzte horiek lortzeko. Halaber, dio espazio publikoa erabiltzeko "sekulako trabak" jartzen dizkietela.

Udalaren oztopoak borrokatu, Zarauzko gazteok antolatu  dinamika abiatuko du Danda gaztea asanbladak, modu independentean antolatze diren gazteei Zarauzko Udalak jartze dizkien "oztopoak salatzeko, borrokatzeko eta horren aurrean gazteak antolatzeko beharra azpimarratzeko". Dandan sare sozialetan zabaldu duten oharrean dioenez, "azken urteetan asko izan dira festa batzorde, aisialdi talde, eragile politiko eta auzo elkarteek jasan behar izan dituzten trabak", eta hori argudiatzeko hainbat adibide ere eman ditu.

Hala, gazte asanbladak salatu du instituzioetatik kanpoko jardun kultural eta politikoetarako ematen dituzten baliabideak "miseriazkoak" direla, eta, "labirinto burokratiko amaiezinak" igaro behar izaten dituztela, gainera. Espazio publikoa erabiltzeko "sekulako trabak" izaten dituztela ere badio Dandak eta festak antolatzeko mugak jarri ditu eredu: "Ordutegi bete ezinek eta soinuaren muga lotsagarriek ezinezko egiten dute gaueko eskaintza kalitatezkoa izatea". Kontrara, "udalak nahieran pribatizatzen du espazio publikoa", gaitzetsi dute gazteek. "Herriko azpiegitura egokiena erabiltzen du beti, baina instituzioetatik kanpoko eragileentzat urteroko arazoa da egitarauak antolatzeko lekuen baimenak lortzea", gaineratu dute.

Festei lotuta, era berean, horiek antolatzeko dirulaguntzak "negargarriak" direla diote, eta, "oinarrizko gastuei aurre egiteko balio" dutela soilik. Udalak, aldiz, jaialdi eta kontzertuetarako hamarnaka mila euro bideratzen dituela salatu dute, eta, Aste Nagusiko kontzertuak ekarri dituzte gogora: "127.000 euro gastatu zituen udalak.

Sustapenean "zentsura"

Jaiak aurrera eramateko izandako arazoak ez ezik, antolatutako ekitaldiak sustatu nahi izan dituztenean udalarengandik jaso duten erantzuna ere arbuiatu dute gazteek: "Udalak propagandaren aurrean duen jarrera erabatzentsuratzailea da. Kartel eta pankartek ez dituzte ezta ordu gutxi batzuk ere irauten herriko kaleetan". Zentzu horretan, Xabier Txurruka alkatearen aurka jo dute zuzenean: "Alkatea bera ibili da kartelak kentzen, baita pankartak jartzen ibili direnei segika ere".

Horren guztiaren atzean, udalaren eta alderdi instituzionalen interes partidistak eta ekonomikoak" daudela dio Dandak, bere aburuz, "EAJri ez zaiolako interesatzen udalaren jardunetik kanpoko aisialdi politika edo festa ekimenetan gazteok antolatuta egotea". Hori horrela, arestian aipatutako dinamika abiatu dute "instituzioen eskumenetik kanpoko ekimenen baldintzak hobetzearen alde borrokatzeko".