Garaguneko erabiltzaileak "oso gustura" daude zerbitzuarekin

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 2a, 10:00

Aldapeta kaleko eguneko zentroak ate irekien jardunaldia antolatu du lehen urteurrena ospatzeko. Senideekin batera, agintariek parte hartu dute bisitan.

Desgaitasun intelektuala duten pertsonei zuzendutako Zarauzko Aldapeta kaleko Garagune eguneko zentroak urtea bete du, eta hori ospatzeko ate irekien jardunaldia egin zuten atzo. Hala, bertako erabiltzaileek beso zabalik hartu zituzten bisitan joan zitzaizkien senideak nahiz agintariak. Azken horiek bertatik bertara egin nahi izan zuten iazko otsailean inauguratutako azpiegituraren jarraipena; izan ere, bertan ematen duten zerbitzua "pilotua" da. Horregatik, emaitzak lehen eskutik ezagutu nahi izan zituzten erabiltzaileen, horien senideen eta bertako langileen ahotik.

Hori horrela, bisitariei egindako harrera beroaren ondoren, hainbat erabiltzailek hitza hartu zuten, batetik, Garagunen egiten dituzten jardueren berri emateko, eta, bestetik, eskerrak emateko "oso gustura" daudelako jasotzen duten arretarekin. Zentzu horretan, bertako langileekin eta Aitziber Soraluze arduradunarekin agertu ziren bereziki eskertuta.

Zehazki, 25 erabiltzaile ditu Zarauzko Garagunek, eta jendaurrean hitz egin zutenen artean, Okik azaldu zuen, esaterako, Emakumeen Etxean egiten dituzten ekintzak dituela bereziki gustuko: "Asteartero joaten naiz, eta nire adin inguruko emakumeekin egoten naiz. Eskulanak egiten ditugu, eta oso atsegina da niretzat. Hasieran, Garaguneko begiraleek lagunduta joaten nintzen, baina orain nire kabuz egiten dut".

Lourdesek, bere aldetik, nabarmendu zuen «asko ikasi» duela Garagunera iritsi zenetik: "Lehen ez nekien sukaldeko lanak egiten, eta orain haragi-bolak prestatzen ditut. Iritsi nintzenean, ordenagailua erabiltzen ere ikasi nahi nuen, eta jubilatuekin joaten naiz ikastaroak jasotzera. Asko laguntzen didate".

Tabeak ere "oso pozik" dagoela aitortu zuen "gauza asko" egiten dituelako. Horien artean, "asteazkenetako ordenagailua erabiltzen ikasteko eskolak" eta "ostiraletako petanka saioak" ditu gustukoenak. Azken horiek Donostian egiten ditu, eta lurraldeko beste Garaguneetako erabiltzaileekin elkartzeko aukera ematen dio.

Hainbat eskaera

Erabiltzaileen senideak ere esker oneko agertu ziren zerbitzuarekin, nahiz eta hainbat eskaera ere egin zituzten hobetu dadin. Horren harira, Ainararen amak nahi luke "atseden zerbitzua Zarautzen eskaintzea Donostiara joan beharrik ez izateko". Nolanahi ere, aitortu zuen Zarauzko Garagunek sekulako aldaketa eragin diola alabari: "Aspacen 40tik gora urte igaro ondoren, azken urteetan Ainarak ez zuen ohetik jaiki nahi hara joateko. Hemen dagoenetik, ordea, bestelako ekintzak egiten ditu eta oso-oso pozik dago". 

Iñakiren ahizpak, bestalde, adierazi zuen "zerbitzua jasotzeko dagoen itxaron zerrenda luzeegia" dela eragozpen bakarra. Horregatik, hori bizkortzeko ahalegina egitea eskatu zien agintariei, "behar handia duten familiak daudelako". Gainontzean, azpimarratu zuen "zoragarria" dela, «sekulako» lana egiten dutelako "erabiltzaileak herrian integratzeko eta haien egoera ikusarazteko".

Lanean jarraituko dute

Garaguneko bisitan parte hartu zuen Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak arretaz entzun zituen erabiltzaileek eta horien senideek esateko zituztenak, eta Zarautzen abiatutako bideari eutsi eta Gipuzkoa osora zabaltzeko konpromisoa agertu zuen "geroz eta berritzaileagoa, pertsonalizatuagoa eta komunitarioagoa izango den zainketa eredu bateranzko trantsizioa azkartzeko". Halaber, aldundiak egindako apustuak izan duen harrera goraipatu zuen, "9,2ko nota jarri diotelako erabiltzaileek".

Mendozarekin batera, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak, Zarauzko Udaleko Xabier Txurruka alkateak eta Jesus Arana Gizarte Politiketako eta Giza Baliabideetako zinegotziak eta zentroa kudeatzen duen Goyeneche fundazioko Juan Ribera presidenteak eta Jose Angel Mendiluze zuzendariak ere parte hartu zuten bisitan. Bi erakundeei eskerrak eman zizkien alkateak nahi zutena bete dutelako udalarena zen eraikina aldundiaren esku utzi ondoren: "Udalarentzat poz handia da halako zerbitzua eskaintzea zarauztarrei. Aldapetako eraikina gizarte garapenera bideratzea hasieratik genuen helburu, eta gauzatuta ikusten dugu. Eguneko zentroaz gain, babestutako etxebizitzak ditu eraikinak, eta, behealdean, Santa Ana fundazioaren instalazioak daude. Eraikina, beraz, goitik behera dago gizarte ekimenera bideratuta".