Udaberrik gaur zabalduko du datorren asteko egun osoko irteerarako izen ematea

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 5a, 09:30
Hernaniko Txillida Leku museoa. (Txillida Leku)

Artearekin lotutako bi jarduera prestatu dituzte hilaren 16an, ostirala, egiteko. Goizean, Txillida Lekura joango dira Universo Maeght erakusketa ikusteko, eta, arratsaldean, Usurbilera Jose Luis Zumeta zenaren lana ezagutzeko.

Udaberri jubilatu eta pentsionisten elkarteak antolatuta, egun osoko irteera egingo dute datorren otsailaren 16an, artearekin lotutako bi jarduera aurrera eramateko. Lehenik eta behin, Hernanira joango dira Txillida Leku bisitatzeko, eta, handik Usurbilera lekualdatuko dira Jose Luis Zumetaren lanak ikusteko.

Lehenengo jarduerari lotuta, Eduardo Txillida artista donostiarraren jaiotzaren mendeurrena dela-eta, Txillida Lekun zabaldu duten Universo Maeght erakusketa ikusteko bisita egingo dute museora, goizean. Hori amaitutakoan, Usurbilera joango dira, esan bezala, bertan bazkaltzeko eta Jose Luis Zumeta margolariari buruzko jarduera berezi bat egiteko. Zehaztu dutenez, herrian dagoen arte garaikidea ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek.

Interesdunek gaurtik aurrea dute izen emateko aukera irteeran parte hartzeko. Hilaren 13an, asteartean itxiko dute epea eta Udaberri elkartearen bulegoan egin beharko dira inskripzioak ohiko ordutegian: astelehenetan eta astearteetan 10:00etatik 12:00etara, eta asteazkenetan eta ostegunetan 16:00etatik 18:00etara.