Eusko Jaurlaritzak ingurumen baimena eman dio hegalaburra kaioletan gizentzeko proiektuari

Onintza Lete Arrieta 2024ko ots. 6a, 12:30
Itsaso zabalean jarriko dituzten kaiolen irudi bat. (Utzitakoa)

Instalazioa Zarautz eta Getaria udal-mugarteen iparraldean kokatuko da, Getariako portutik 3,5 itsas miliara, 766.629 metro koadroko azalerarekin, eta ingurumena babesteko hainbat neurri bete beharko ditu Balfego enpresaren eta Azti ikerketa zentroaren proiektuak. Hemen dago dokumentua osorik irakurgai.

Iazko apirilean jakin zen Balfego enpresak eta Azti ikerketa zentroak hegalaburra gizentzeko bi kaiola urperagarri jartzeko asmoa zutela itsaso zabalean, Getariatik gertu, eta orain, Eusko Jaurlaritzak ingurumen baimena eman dio (hemen dokumentua osorik). Laburbilduz, ingurumen txostenak ez du aurreikusten proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik, "kontuan hartuta eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak, eta haintzat hartuta, bai sustatzaileak proposatutako babes eta zuzenketa neurriak, bai ingurumen inpaktuaren txostenean bertan agindutakoak".

Aurten bertan martxan jartzea aurreikusten den proiektuaren arabera, hegalaburrak bizirik gizenduko dituzte bi kaiolatan, urtean gehienez ere 500 tona hegalabur, eta gero, horiek merkaturatu egingo dituzte. Aurrena, 100 ale sartuko dituzte kaioletan. Ale horiek Atlantikoko Atuna Babesteko Nazioarteko Batzordeko Ikerketa eta Estatistika Batzorde Iraunkorrak emango ditu, kuota zientifiko batetik hartuta. Aurreneko fase horretatik ateratako ekoizpena ez dute merkaturatuko, eta irabazi asmorik gabeko erakundeei eman beharko diete.

Kokapena

Proiektua kokatzeko hiru alternatiba aztertu ditu Eusko Jaurlaritzaren ingurumen txostenak, eta aurrez Aztik Getariako Kofradiari ere eskatu zion iritzia. Azkenean, erabaki da Getariako portuaren ipar-ekialdera kokatzea, eta horren arrazoiak jaso dituzte txostenean: "Ingurumen abantaila bat du [kokapen horrek]: substratu gogorreko habitata duten eremuetatik 400 metro baino gehiagora dago, eta ez dio eragiten. Zeharka bada ere, alternatiba horri esker, ingurumena zaintzeko plana ez da hain garestia, ez delako beharrezkoa izango substratu gogorreko habitatak ikuskatzea, eta egungo arrantza jarduerarekin interakzio txikia izatea espero delako". Instalazioak ur irekietan proiektatzen dira, 100 metro inguruko sakoneran, Zarautz eta Getaria udal-mugarteen iparraldean, Getariako portutik 3,5 itsas miliara, eta hurbilen dagoen kosta-lerrotik 5,7 kilometro baino gehiagora.

Txostenaren arabera, kokalekua ez dago Natura 2000 Sareak hartzen duen espazioan, ezta beste gune babestuetan ere.

2024rako edo 2025erako 150.000 kilo arrain sartzea aurreikusi dute (batez beste 100 kilo pisatzen dituzten 1.500 ale), eta 2025etik aurrera, gehienez ere 500 tona ekoitziko dituzte.

Instalazioak

Egiturari dagokionez, bi kaiola zirkular instalatuko dituzte itsasoan, bakoitza 50 metroko diametrokoa, 28 ainguratze puntuz osatutako ainguratze-tren bat duena, eta egiturari 14 puntutan lotzen zaiona. 4.000 litroko flotazioko 20 buiez osatutako flotazio-sistema bat izango dute. Horrez gain, lau seinalaztapen buia ainguratuko dira, emakidaren mugetan indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz. Proiektuaren eraginpeko azalerak 927x827 metroko sareta bat hartzen du, eta azalera, guztira, 766.629 metro koadrokoa izango da.

Erakikuntza fasean, instalazioak garraitu eta ainguratu egingo dira, eta aurreikusi dute 25-30 egun beharko direla instalazioa egiteko.

"Eragina ez da esanguratsua"

Ingurumen txostenak hainbat  baldintza eta bete beharreko arau ezartzen ditu, eraikuntza fasetik hasi eta ustiapena amaitu eta hurrengo hiru urteetara arte. Hala, urtero argitaratu beharko dituzte ingurmenaren jarraipena egiteko programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak. Horrekin batera, gainera, ingurumen gaietan espezializatutako entitate independente batek egindako txostena ere aurkeztu beharko da.

Neurriei dagokienez, instalazioek, esaterako, segurtasun plan bat eduki beharko dute; igerileku flotatzaileak osatzen dituzten sareak egunero berrikusi beharko dira kameren edo urpekarien bidez; hiru hilean behin hondoen egoera ikuskatu beharko da, etab.

Hondakinak kudeatzeko eta urak babesteko neurriak ere bete beharko dituzte, noski, eta besteak beste, hiru hilean behin uren kalitatea kontrolatuko da, eta larrialdi plan espezifiko bat eduki beharko dute prest.

Ingurumen arloan jardueraren egokitasunari dagokionez, txostenak jasotzen duenez, ustiapen fasean, egitura fisikoak ondorio batzuk eragin ditzake hidrdodinamismoa aldatzeagatik, itzalalagatik, habitataren konplexutasunagatik, eta espazioaren okupazioagatik eta zapalketagatik. "Horrek eragina izan dezake komunitatearen egituran eta populazioaren banaketa espazialean, atxikipen planktonikoan, materia organiko disolbatuaren diluzio-tasaren aldaketetan eta sedimentuaren egituran izandako aldaketetan". Dena den, txostenak ondorioztatu du aipatutako aldagaien gaineko eragina ez dela esanguratsua "orokorrean, eremuaren sakontasun eta hidrodinamismo handiagatik, eta instalazioaren hedadura eta intentsitate mugatuagatik".

Inpaktu moderatua aurreikusten du, berriz, kaioletan arrainak hazteko jardueraren ondorioz itsas hondoan pilatuko den materia organikoari dagokionez. Eta horren aurrean hainbat neurri hartu beharra jasotzen du txostenak.

Kontuak kontu, ingurumen txostenak ez du aurreikusten proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik "ingurunearen aipatutako alderdietan", kontuan hartuta eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak, eta haintzat hartuta, bai sustatzaileak proposatutako babes eta zuzenketa neurriak, bai ingurumen inpaktuaren txostenean bertan agindutakoak.