Orokietako ikasleek eta Zarauzko Udalak zuhaitzak landatu dituzte Irita hezegunean

Mireia Galarza Bastida 2024ko ots. 6a, 14:00
Aurreko ostiralean egindako zuhaitz landaketa. (Zarauzko Udala)

Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziaren hitzetan, "lan bikaina" egin zuten Orokietako umeek, eta horregatik eskerrak eman nahi izan dizkie. Vazquezek esandakoaren arabera, Irita hezeguneko behatokiaren ondoan landatu dituzte zuhaitzak, "bertako hegaztientzako babesgunea eta itzala eskainiko dien hatzaldi baso bat sortzeko asmoz".

Joan den ostiralean, Hezeguneen Nazioarteko Egunean, Orokieta Herri Eskolako LH 4.mailako ikasleak Irita hezegunean izan ziren Zarauzko Udalarekin batera zuhaitz landaketa egiten. Urtero ospatzen du udaleko Ingurumen Sailak Zuhaitz Eguna Zarauzko ikastetxe batekin, eta aurten Orokieta ikastetxeko gazteen txanda izan da.

Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziaren hitzetan, "lan bikaina" egin zuten Orokietako umeek, eta horregatik eskerrak eman nahi izan dizkie. Vazquezek esandakoaren arabera, Irita hezeguneko behatokiaren ondoan landatu dituzte zuhaitzak, "bertako hegaztientzako babesgunea eta itzala eskainiko dien hatzaldi baso bat sortzeko asmoz". Horretaz gain, hurritzak, sahatsak eta lizarrak ere landatu zituzten, orotara 140 zuhaitz.

Asteburuko zuhaitz landaketa Irita hezegunea berreskuratzeko lanen azken fasean kokatzen da udalak azaldu duenez. Datozen egunetan lezkak landatuko dituzte, eta denborarekin Irita "hezegune eder batean" bilakatuko da, ondoan baso ederra ere egonda. Eta zera gehitu nahi izan du zinegotziak: “Orain dela bost urte ibaia hormigoizko hormen artean zihoan. Gaur egun, ibaia naturalizatu dugu, hezegunea handitu, baso eder bat landatu eta herriarentzat paseoa, zubia eta behatoki bat ere sortu ditugu, Eraztun berde Urdinaren ekosistema garrantzitsu eta zaurgarri honetan. Orain naturari utzi behar diogu bere bidea egiten eta guri dagokigun bakarra da zaintzea, txukun mantentzea eta gozatzea. Denon artean lortuko dugu”.