Salberdin eta herrigunea lotuko dituen azpibidearen lanak azken fasean daude

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 8a, 09:00
Gaztainpe kalea eta Amalur parkea lotuko dituen azpibidea. (Zarauzko Udala)

Lurreko baldosak jartzen ari dira langileak eta inguruko lorategiak eta berdeguneak sortzeko landaketak egiten lorezainak.

Zarauzko tren geltoki berria eraikitzeko lanek aurrera jarraitzen dute eta haren azpitik igaroko den oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabidea jada amaituta dago. Gaztainpe kalea eta Amalur parkea lotuko dituen azpibidea, alegia; edo nahiago bada, Salberdin auzoa herrigunearekin lotuko duena. Udalak adierazi duenez, aurreikusitako planifikazioa betetzen ari dira, baina azpibidea zabaldu aurretik hainbat lan egin behar dituzte oraindik.

Bada, azken lan horiekin ari dira egunotan, hain justu ere. Zehazki, azpibideko eta alboko bideetako baldosak jartzen aritu dira langileak eta inguruko lorategietako eta berdeguneetako landareak ere landatzen hasi dira jada.

Azken horren harira, udalak azaldu du, herriko beste hainbat lorategitan aurki daitezkeen espezieak landatzen ari direla: Zuhaitzei dagokienez, lau likidanbar, bost kanforrondo, hiru Judasen arbola edo amodio-zuhaitz eta lau gurbitz, eta, berdeguneetarako, berriz, belar tapizatzaileak.