'Pobres criaturas' filma emango dute Modelon, gaurtik hasita

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 9a, 10:00

Inauteriak direla-eta bihar ez da zinema saiorik izango. Lau bider proiektatuko dute ikus-entzunezkoa eta jatorrizko hizkuntzan eskainiko dute hasteko.

Gaur iluntzean abiatuko dute asteburuko zinema programazioa eta film bakarra eskainiko dute; Pobres criaturas, hain zuzen ere. Gainera, jakinarazi dute bihar ez dela emankizunik izango. Inauteriak direla-eta, bertan behera utzi dute.

Ikus-entzunezkoari erreparatuta, Emma Stonek gorpuztuko duen Bella Baxterren istorioa kontatuko du, Godwin Baxter zientzialariak berpiztu duen neska gaztea. Bellak abentura gosez egongo da, baina Gowinen gehiegizko babesa izango du. Hala, Duncan Wedderburnekin, abokatu sofistikatu eta maltzurrarekin ihes egitea erabakiko du.

Nabarmentzekoa da, halaber, filmak 11 izendapen dituela datorren hilean banatuko dituzten Oscar sarietarako. Besteak beste, hautagaia da film, zuzendari eta emakumezko aktore onenaren sariak irabazteko. Sariekin lotuta, era berean, film onenari ematen dioten Urrezko Lehoia irabazi zuen Veneziako jaialdian eta joan den urtarrilean banatu zituzten Urrezko Globoetan beste bi sari ere lortu zituen: Stonek jaso zuen emakumezko aktore onenarena komedia generoan eta komedia generoko film onenarena, hain zuzen ere.

Hala nola, Langosta eta Canino lan entzutetsuak zuzendu dituen Yorgos Lanthimos zinegile greziarrarena da gaurtik Modelon ikusgai egongo den ikus-entzunezkoa, eta, haren aginduetara aritu diren aktoreak ere aski ezagunak dira: aurrez aipaturiko Stonez gain, Mark Ruffalo eta Willem Dafoe, besteak beste.

Otsailak 9, ostirala
20:00 Pobres criaturas (jatorrizko bertsioan gaztelaniaz azpititulatuta)

Otsailak 11, igandea
19:15 Pobres criaturas

Otsailak 12, astelehena (ikusleen eguna)
17:00 Pobres criaturas
19:45 Pobres criaturas

Otsailak 13, asteartea
19:30 Saio originala: Perfect Days