Indonesiak protagonismo berezia izango aurtengo Cimasub jaialdian

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 11a, 16:00
Gloria Vazquez zinegotzia erdian, alboetan David Sanchez eta Lourdes Anza, Cimasubeko arduradunak dituela. (Jabi Gonzalez Toston)

Munduko bazter guztietako ikus-entzunezkoak nahiz argazkiak ikusgai izango dira herrian otsailaren 14tik 29ra, eta Modelon proiektatuko dituzten hiru dokumentaletako bi Asian grabatutakoak dira. Itsasoko bizitzari lotutako orotariko gaiak jorratuko ditu zikloak.

Datorren asteazkenetik hasita, itsaspeko irudiek Modelo zinema aretoa eta Merkatu Plazako lehenengo solairua hartuko dituzte hiru astez; izan ere, hilaren 14tik 29ra egingo dute Cimasub Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa, Zarautzen. Jaialdia herrira ekarriko duten hamalaugarren aldia izango da eta azken urteetako moldea errepikatuz, hiru saio egingo dituzte Modelon film laburrak eta dokumentalak proiektatzeko, datozen hiru asteazkenetan. Otsailaren 14an, 21ean eta 28an, alegia. Guztiak 19:00tan hasiko dira eta doakoak izango dira. Gainera, ez da beharrezkoa izango sarrerak aldez aurretik hartzea.

Horrez gain, zikloak iraun bitartean, 24 argazkirekin osatutako erakusketa ikusgai izango da aurten ere Merkatu Plazako lehenengo solairuan. Herritarrek 17:00etatik 19:00etara bisitatu ahalko dute astelehenetik ostiralera, eta 12:00etatik 14:00etara asteburuetan. Jaialdia inauguratzeko, berriz, Itsaspeko Txikizikloa egingo dute bi txandatan banatuta: 09:30ean izango da lehenengoa eta 10:40ean bigarrena, eta antolatzaileek zehaztu dutenez, herriko ikastetxeetako 10 eta 12 urte arteko 296 ikaslek hartuko dute parte.

David Sanchez eta Lourdes Anza Cimasubeko arduradunek gogoratu dutenez, jaialdiaren asmo nagusia "herritarrak ozeanora gerturatzea eta sentsibilizatzea da". Ildo beretik, Gloria Vazquez Zarauzko Ingurumen zinegotziak azpimarratu du "Cimasubek bat egiten" duela hark zuzentzen duen sailetik martxan jarri izan dituzten kanpainekin. Hala, jaialdian erakutsiko diren lanek itsasoko biodibertsitatea zaintzeko kontzientzia bultzatzeko lagunduko dutelakoan da zinegotzia.

Azken horren harira, antolatzaileek azaldu dute erakutsiko dituzten hainbat lanek gizakiak ekosistemetan duen eragin suntsitzailea salatuko dutela: "Zenbait ingurutan areagotu diren espezie inbaditzaileen mehatxua ikusaraziko duten ikus-entzunezkoak izango dira, baita arrantza-baliabideen gehiegizko ustiapen jasangaitzaren ondorioak erakutsiko dituztenak ere". Beste lan batzuek, aldiz, "lur planetako zenbait txokotan aurkitu daitezkeen unibertso harrigarriak eta itsas hondoaren edertasuna" erakutsiko dute.

David Sanchez, Gloria Vazquez eta Lourdes Anza, Cimasub zikloko ikus-entzunezko bati begira. (Jabi Gonzalez Toston)


Antolatzaileek jakinarazi dute, halaber, Indonesia izango dela aurtengo jaialdiko "protagonista nagusia", eskainiko dituzten ikus-entzunetako asko bertan grabatutakoak direlako. Nolanahi ere, munduko zonalde guztietako lanak bildu dituzte.

Primerako aukeraketa

Bistan denez, orotariko ikus-entzunezkoak eta argazkiak jaso dituzte Cimasub Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloan. Guztiak ere azaroan Donostian egin zuten nazioarteko lehiaketara aurkeztutako lanak dira. 500 argazki, 84 film labur eta 24 dokumental aurkeztu zituzten, zehazki, eta onenak hautatu dituzte herriz herri erakusteko: 48 argazki erakusketak bi herritan aldi berean egin behar dituztenean, banaketa proportzionala egiteko, 23 film labur eta hiru dokumental.

Zentzu horretan, azaldu dute Modeloko saio bakoitza dokumental banarekin itxiko dutela, eta, horren atariko hainbat film labur eskainiko dituztela. Jaialdiko ikus entzunezkoen kalitatea goranzkoa izango da, gainera. Hala, lehenengo asteazkenean brontzezko aitortza jasotakoak eskainiko baitituzte, bigarrengoan zilarrezkoak eta azkenengoan onenak, urrezkoak.

Urtetik urtera ikusle gehiago

"Ikus entzunezkoen kalitateak bezalaxe, jaialdiak aurrera egin ahala ikusle kopuruak ere gora egiten du", nabarmendu du Sanchezek. Are gehiago ere esan du Cimasubeko arduradunak: "Urtetik urtera ikusle gehiago gerturatzen zaizkigu". Hori erakusten duten datuak ere eman ditu, gainera: "Duela bi urteko edizioan 709 lagun bertaratu ziren Modelo aretora eta 880 izan ziren iazkoan. 170 gehiago".

Jaialdiak joera horri eustea nahi luke Ingurumen zinegotziak, eta, horregatik, bertaratzeko deia egin du: "Aukera aprobetxatu dezatela eta Modelora aretora eta Merkatu Plazako erakusketara joan daitezela gomendatzen diegu herritarrei. Aurreko urteetan eskertu ere egin digute askok, lanetako asko oso hunkigarriak baitira".