'Oparitu eta Gozatu' hiru eguneko kanpaina abiatu du Murkilek

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 12a, 09:00
Herriko arropa denda bat. (Zarauzko Hitza)

Hamabi opari zozkatuko dituzte gaur hasi eta asteazkenera arte herriko saltokietan erosketak egiten dituzten bezeroen artean. San Valentin eguna dela eta antolatu dute.

Murkil Zarauzko dendarien elkarteak San Valentin egunari begira erosketak herriko saltokietan egitea sustatzeko kanpaina jarri du martxan. Gaur abiatuko dute eta etzi, San Valentin egunean bertan amaituko dute. Otsailaren 14an, alegia.

Hala, Murkilek jakinarazi du datozen hiru egun hauetan elkarteko bazkide diren dendetan erosketak egiten dituzten bezeroek txartel bana eskuratuko dutela asteazkenean egingo duten hamabi oparien zozketan parte hartzeko. Sariak zein izango diren ere zehaztu du elkarteak: hiru lore-sorta, bi eskumuturreko sorta, bi argazki-saio, lau masaje eta ilearen edertasun tratamendu bat. "Guztiak ere, bikoteari, lagun bati edota senide bati oparitzeko modukoak", elkartearen esanetan.