Martxoaren 6an zozkatuko dituzte Salberdingo 136 etxebizitza tasatuak

Aritz Mutiozabal 2024ko ots. 10a, 09:00
Salberdingo urbanizazio berria izango dena. (Zarauzko Udala)

Zarauzko Udalak kaleratu du eskatzaileen behin betiko zerrenda. 825 dira erregimen bereziko etxebizitzetarako, eta 763, berriz, erregimen orokorrekotarako. Modelo aretoan egingo dute zozketa ekitaldia.

Salberdin eremuko R-10, R-11 R-12 eta R-13 partzeletan eraikiko dituzten 139 etxebizitza tasatuen zozketan onartu dituen eskatzaileen behin betiko zerrenda argitaratu du Zarauzko Udalak. Guztira, 825 eskatzaile daude erregimen bereziko etxebizitzetarako, eta 763 erregimen orokorreko etxebizitzetarako.  Etxebizitzak esleitzeko zozketa martxoaren 6an egingo dute, 18:00etan, Modelo aretoan. Ekitaldia bertatik bertara jarraitzeko aukera izango da, baita streaming bidez ere.

Promociones Salbide enpresak eraikiko dituen 139 etxebizitza horietatik 94 erregimen berezikoak (R-10, R-11 eta R-13) izango dira eta 45 erregimen orokorrekoak (R-12). Etxebizitza tasatuen prezioak zehaztuta daude, eta trastelekua eta garajea barne izango dute guztiek. Erregimen bereziko etxebizitzek 235.480,17 eta 310.645,90 euro artean balioko dute, eta, erregimen orokorrekoek 291.352,01 eta 374.855,46 euro artean.

Zozketaren data gerturatzen joan ahala, onartutako eskatzaile bakoitzari izango duen ausazko zenbakia jakinaraziko zaio eta zozketaren inguruko informazio gehigarria. Informazio gehiago eskuratu nahi duenak Etxebizitza Bulegoarekin  jarri daiteke harremanetan.