Inauteriak 2024

Euria ez da oztopo izan galtxagorrientzat

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 10a, 11:15
Lege Zaharren Enparantzako Jalgi dantza taldearen ekitaldia. (Utzitakoa)

Jende asko bertaratu da Jalgi dantza taldekoen ekitaldia eta kalejira bertatik bertara jarraitzeko. Zarakatun batukadako, ZarautzTrikeko eta Goizeko Ihintzako kideek ere parte hartu dute.

Galtxagorrien Jaitsierarekin abiatu dituzte inauteriak hirugarren urtez, Zarautzen. Atzo egin zuten jada ohitura bilakatu den kalejira eta Lege Zaharren enparantzako ekitaldia. Euripean, aurtengoan. Nolanahi ere, zaparrada handirik ere ez zuen bota, eta, ondorioz, ez zen festarako oztopo izan Jalgi herriko dantza taldearentzat, ezta bertaratu ziren ikusleentzat ere, dezente izan baitziren.

Galtxagorriak batera, euskal mitologiako beste hainbat pertsonai ere, haur nahiz heldu, ibili ziren herriko kaleetan Mari jainkosa buru zutela. Baita Zarakatun batukadako, ZarautzTrikeko eta Goizeko Ihintzako kideak ere.

Aurki izango da ikusgai atzoko ekitaldiaren argazki bilduma eta bideoa.