Inauteriak 2024

Lehertu da mozorro festa

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 10a, 17:00

Koxme baleak jaurtitako txupinarekin hasi dituzte inauteriak herrian, nahiz eta atzotik ikusi daitezkeen orotariko jantziak. Gaurkoan, egun osoan izango da zer egina.

Lotsak etxean utzita atera dira kalera gaurkoan herritarrak eta sorkuntzarako sekulako gaitasuna erakutsi dute, bide batez; izan ere, mozorro apartak egin dituzte, eta zenbaitek, baita karrozak ere. Gehientsuenek aterkia ere atera dute, handia baita euria egiteko mehatxua. 

Hain justu, Koxme baleak inauteriei hasiera ofiziala emateko txupina jaurti duenean egin du euri gehien. Nolanahi ere, urak ez ditu herritarren festarako gogoa eta irudimena itzali.

Jaia egun osoan luzatuko da, gainera, txupinak eztanda egin ondoren mozorro lehiaketa egin dute Musika Plazan eta arratsaldean Konpartsaren txanda izango da. Dantza egiteko aukera gehiago ere izango dira ondoren, 19:30ean Lehian erromeria taldearekin Musika Plazan eta 21:00etik aurrera DJ Davilarekin eta DJ Javirekin Zinema pilotalekuan.