Inauteriak 2024

Koloretsua izan da aurtengo inauterietako konpartsa

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 11a, 11:00

Aerobika gai hartuta 200 parte hartzailetik gora izan ditu aurtengo ekitaldiak. Gainera, inongo eragozpenik gabe egin dute, nahiz eta euria iragartzen zuen eguraldi aurreikuspenak.

Aparteko eragozpenik gabe egin zuten atzo  Inauterietako VII. Konpartsa herriguneko kaleetan; izan ere, ez zuen euri tanta bakar bat ere bota. Denboralea iragartzen zuen eguraldiaren aurreikuspenak, eta, ondorioz, handia zen mehatxua ekitaldia hurrengo egunera atzeratzeko. Azkenean, ordea, ez zen beharrezkoa izan, esan bezala eta jende andana bildu zen dantza egiteko nahiz saioa bertatik bertara ere. Aerobika gai hartuta, 200 lagunetik gora bildu ziren gorputzak astintzeko eta kaleak kolore biziz argitzeko. Gogotik izerditu zuten parte hartzaileek.

Aerobikeko arropa koloretsuez harago, orotariko mozorroak ikusi ziren atzo Zarauzko kaleetan. Haur, gazte nahiz heldu gogotsu batu ziren festara eta zenbaitek goizaldeko ordu txikiak luzatu zuten.