Baserritarren protestak herrira iritsi dira

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 12a, 10:30

Dozena erdi bat traktorek kostaldeko errepidera eraman dute protesta goizean eta trafikoa moteldu dute. Eguerdian, Donostian elkartzeko asmoa dute lurralde osotik joandako manifestariek.

Gipuzkoako nekazariek eta abeltzainek gaur abiatutako mobilizazioak eragozpenak sortzen ari dira lurraldeko errepidean goizean goiztetik. Sindikatuekin adostu gabe antolatu dira baserritarrak eta 07:00etan jarri ditu hitzordua lurraldeko hainbat puntutan. Nolanahi ere, EHNEk nahiz ENBAk adierazi dute deialdia errespetatzen dutela. Baserriatarrak Lehen sektore duin baten alde lelopean ari dira protesta egiten eta eguerdian Donostian biltzeko asmoa dute aldarriak Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzara eramateko.

Bada, hiribururako bide horretan, hain justu, Zarauztik ere pasatu da traktoreen protesta.  Getariatik barrena iritsi dira Zarautzera dozena erdi bat ibilgailu kostako errepidetik eta trafikoa moteldu dute. Ikurrinak hartuta eta atzealdean pankartak jarrita zihoazen traktoreak. Besteak beste, Agenda 2030. Baserritarren hilerria, gosez hilko da herria mezua irakurri zitekeen pankartetako batean.