Osorik dago ikusgai Larraitz Gaztañagaren 'Bihotzaren erritmoan dantzan' hitzaldia

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 12a, 14:00

Kardiologo elorriarra (Bizkaia) joan den astean aritu zen azalpenak ematen ZarautzOnek Modelon antolatu zuen saioan. Elkarteak streamingez ere eman zuen eta Youtubeko kanalera igo du grabazioa.

ZarautzOn zientziaren dibulgaziorako elkarteak bere Youtubeko kanalean jarri du ikusgai Bihotzaren erritmoan dantzan hitzaldia. Larraitz Gaztañaga kardiologo elorriarrak (Bizkaia)  eskaini zuen joan den asteartean, Modelon, eta, ordubetetik gorako iraupena du. Elkarteak streamingez ere eskaini zuen saioa, eta grabazio hori da, hain zuzen, Youtubera igo dutena, interesa duen herritar orok nahi duenean ikusi dezan.

Gaztañaga bihotzaren erritmoa asaldatzen denean agertzen diren arritmien inguruan aritu zen, batez ere, aipatu organoaren elektrofisiologian aditua baita. Zehatzago esateko, bihotzaren sistema elektrikoa ikertzean duen kardiologiako adarra da elektrofisiologia; hau da, bihotzaren funtzionamendu egokia bermatzeko erritmoa ikertzen duena.