'Perfect Days' filma eskainiko dute gaurko saio originalean

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 13a, 09:00

Zuzendaria alemaniarra bada ere, jatorri japoniarra du ikus-entzunezkoak eta Oscar sarietan atzerriko film onenaren sarira irabazteko hautagaietako bat da. Ohi bezala, jatorrizko hizkuntzan emango dute gaztelaniaz azpititulatuta. 19:30ean hasita.

Paris Texas edota El cielo sobre Berlin filmengatik ezaguna den Wim Wenders zinegile alemaniarrak zuzenduriko azken lana izango da ikusgai gaur arratsaldeko zinema saio originalean: Perfect Days. Astearteetan egin ohi duten saio originalaren barruan eskainiko dute, eta, ondorioz, jatorrizko hizkuntzan eskainiko dute ikus-entzunezkoa gaztelaniazko azpi idatziekin. Ohi bezala, 19:30ean hasiko da eta emankizuna.

Filmari erreparatuta, Hirayama pertsonaia nagusiaren eguneroko ohiturak izango ditu ardatz. Tokion(Japonia) komun garbitzailea da eta gozatu egiten du daraman bizitza xumearekin. Dena den, Hirayamak izango ditu bere egunerokoan eragina izango duten gorabeherak. Kôji Yakusho aktore japoniarrak gorpuztu du protagonista eta egindako lan onak aktore onenaren saria irabazteko balio izan zion Canneseko jaialdian. Horrez gain, film onenaren sarirako izendatu zuten Perfect Days, nahiz eta azkenean ez zuen irabazi. Oraindik irabazi dezakeena atzerriko film onenaren Oscar saria da, hautagaietako bat baita martxoan egingo duten zinemako sari banaketa garrantzitsuenean.