Estilo desberdinak, xede bera

Mireia Galarza Bastida eta Gorka Eizagirre 2024ko ots. 16a, 10:00

Pinturerak taldearen erakusketa ikus daiteke otsaila amaiera bitartean De Pe a Pa kafetegian. Bertako kideek "emozioak islatzeko modua" dela uste dute pintura.

Talde lana egiteko sortu berri dute Pilar Herrero Sokobeherek, Maite Oviedo Etxezarretak eta Marikruz Etxeberria Iraolak Pinturerak taldea. Beraien Whatsapp taldeari izena jartzeko erabili zuten izen hori orain dela denbora pixka bat, eta horrekin "geroz eta gusturago" sentitu, eta, egun, taldearen izena bihurtu da. Herreroren ideia izan zen deitura hori jartzea, txantxa batetik sortua. "Bada abesti bat ‘tus ojos son tan pintureros...’ esaten duena, eta hortik hasi zen guztia".

Etxeberriaren hitzetan, beraiek egiten dutena artea da, eta dena bakarka ez egiteko elkartu dira. "Kolektibotasunak indar handia ematen du, eta nik horregatik sentitu nuen beharra elkartzeko". Herrerok gaineratu nahi izan du gerora jabetu direla "oso ideia ona" izan zela elkartzea, "giro bikaina" sortu delako euren artean. Horrez gain, hirurek ulertzen dute artearen diziplina "emozioak islatzeko eta arazoetatik ihes egiteko" modu bezala, baita ahalduntzeko tresna moduan ere. "Kontuan hartu behar da hiru emakume nagusi garela, eta erakutsi nahi duguna da aktiboak izaten jarrai dezakegula gure adinean ere", dio Herrerok.

Erantzun ona

De Pe a Pa kafetegian dago otsaila amaitu bitartean beraien azken erakusketa, inauteriei buruzkoa. Jendeak "zoriondu" egin dituela kontatu dute hiru sortzaileek, eta zirrikitu hori aprobetxatu dute bertako arduradunari eskerrak emateko: "Arantxak oso erraz jarri digu guztia, aukera polita eman digu, eta oso eskertuta gaude horregatik", dio Oviedok.

Oraingoa, baina, ez da elkarrekin jartzen duten lehen erakusketa. Zarauzko Emakumeen Etxean jarri zuten lehendabizikoa duela urte batzuk, "emakumeen aniztasuna irudikatzea helburu" zuena. Erantzun "polita" jaso zuten orduan, eta horrek motibazioa eman zien Pinturerak taldeko kideei bide horretan aurrera jarraitzeko. Oviedoren aburuz, gainera, elkartzeak "aberasgarriagoak" egiten ditu erakusketak, hiru artisten estiloak batzen baitira bertan, beraien artean guztiz desberdinak.

Herrerok dioenez, berak akrilikoa lantzen du gehienbat, nahiz eta "denetarik" egin duen. "Erretratuak sortzen ditut gehienbat, baina paisaiak nahiz forma abstraktuak margotzea ere gustatzen zait. Pintura akrilikoen taldean ere denetik dago, eta guztiekin jolasten dut: ohiko akrilikoa, akriliko likidoa, distiratsua…". Etxeberriak bereari buruzko azalpenak eman ditu: "Erretiroa hartu nuenean, Artezaleak eskolan hasi nintzen, eta teknika asko ikasi nituen han. Gaur egun, dena den, akuarela erabiltzen dut gehienbat, baita collage-a ere, eta asko gozatzen dut horiekin".

Oviedok, bere aldetik, euskarri digitala erabiltzen du batik bat sortzeko, baina elementu desberdinak nahasten ditu bertan; adibidez, tomateei ateratako argazkiak gainean egindako beste marrazki batzuekin konbinatzen ditu. "Moztu, kapak ipini, kapak kendu, koloreak probatu…. Aukera asko ematen dizkit, eta hori magia egitea bezalakoa da", dio Bilbon jaiotako Zarauzko bizilagunak.

Aspaldiko harremana

Egungo emaitzak ez dira magia trikimailu bat bezala paratu hiru sortzaileentzat, aspalditik baitute harremana pinturarekin. Herrerok dio bera etxean hasi zela margotzen duela hamar urte inguru, eta hasieran "obsesio" bat ere bihurtu zela berarentzat. Materiala erostera joaten zenean ere, horien inguruko "informazio gutxi" zuela dio, eta irribarretsu gogoratu du pasadizoren bat edo beste: "Pintzel mota bat edo beste bat eskaintzen zidatenean, esaten nien beste norbaitentzat zela eta nahi zutena jartzeko".

Ordutik pixkanaka-pixkanaka aurrera jarraitu, eta Aian jarri zuen bere lehen erakusketa Herrerok. "Egun nire estiloa dudan arren, Artezaleaken dudan irakaslea, Jasone, oso garrantzitsua izan da niretzat, asko lagundu baitit", gaineratu du.

Etxeberriak umea zen garaira egin du salto margolanekin duen lotura azaltzeko. "Orain ulertzen dut zergatik gustatzen zitzaidan horrenbeste marraztea eta egindako marrazkiak hormetan zintzilikatzea". Oviedok, bere aldetik, aditzera eman du beti izan duela harremana eskulanarekin, baina ez duela inoiz marrazketarako teknikarik ikasi: "Horrexegatik atsegin dut arlo digitala, aukera pila bat ematen dizkidalako teknika gehiegi jakin gabe".

Aurrera begira ere lanean jarraitzeko "prest eta gogoz" daude Pinturerakeko kideak. Diotenez, "saltsa askotan" daude sartuta, eta horrela jarraitu nahi dute. "Beste proiektu batzuk ditugun arren, elkarrekin egingo dugun hurrengo erakusketaren inguruan pentsatzen hastea aukera bat izan daiteke", azaldu dute.