'Ferrari' eta 'El arca de Noe' filmak emango dituzte asteburuan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 17a, 09:00

Bi ikus-entzunezkoen izenburuak aintzat hartuta ondorioztatu daitekeenez, automobilgintza enpresa ezaguna sortu zuen familiari buruzkoa izango da bata, eta, Bibliako pasarteetako baten arabera, Uholde Handiaren ondorioak saihesteko Noe profetak baliatu zuen ontzia izango du ardatz, besteak.

Helduentzako nahiz haurrentzako zinema eskaintza izango da asteburu honetan Modelon; izan ere, gaurtik astelehena bitartean bi film eskainiko dituzte: Ferrari bost saiotan banatuta eta El arca de Noe bi saiotan.

Lehenengoari erreparatuta, Scuderia Ferrari automobilgintza enpresa ezaguna sortu zuen Enzo Ferrarik 1957ko udan bizi izan zuen krisia izango du abiapuntu. Semearen heriotzaren ondoren behea joko du protagonistak, eta, emaztearekin batera ezerezetik eraiki zuen enpresa eta elkarren arteko harremana porrotetik hurbil daude. Testuinguru horretan, erabaki arriskutsua hartuko du Ferrarik Italia osoko 1.000 milia zeharkatzen dituen Mille Miglia lasterketan parte hartzea.

Adam Driver aktore entzutetsuak gorpuztuko du Enzo Ferrari eta Penelope Cruz espainiarrak egingo du haren emaztearen papera. Haiekin batera, Shailene Woodleyk ere parte hartuko du. Lina Lardiren azalean sartuko da, hain zuzen ere, Ferrariren bigarren emaztea. Guztiak Michael Mann zinegilearen aginduetara aritu dira.

El arca de Noe, bestalde, animaziozko filma da eta Noeren Ontziari buruzko Bibliako pasartean dago oinarrituta. Nolanahi ere, Noe ez da protagonista izango, polizoi gisa bidaiatu duten bi sagu baizik. Labezomorro burutsu eta zorte oneko baten laguntzarekin lortuko dute ontzian sartzea, eta bertan, haragijaleak nahiz belarjaleak diren orotariko animalien arteko borroka saihesten saiatuko dira.

Otsailak 17, larunbata

  • 16:45. El arca de Noe
  • 19:15. Ferrari
  • 22:15. Ferrari

Otsailak 18, igandea

  • 16:45. El arca de Noe
  • 19:15. Ferrari

Otsailak 19, astelehena (ikusleen eguna)

  • 17:00. Ferrari
  • 19:30. Ferrari