Maskara eta komedia uztartuz, 'Bo jauna' haur antzerkia eskainiko dute Modelon

Aritz Mutiozabal 2024ko ots. 21a, 16:15

Igande arratsaldean izango da ikusgai Jokin Oregi antzerkigilearen eta zuzendariaren hitzik gabe kontatutako ikuskizuna.

Marie de Jongh antzerki konpainiak haurrei zuzendutako Bo jauna antzezlana taularatuko du igandean, Modelo aretoan, 16:45ean hasita. Zarauzko herriarekin lotura duen Jokin Oregi da antzezlanaren egilea eta zuzendaria, eta bere gidaritzapean lau aktore ariko dira oholtza gainean: Ana Martinez, Ana Meabe, Javier Renobales eta Anduriña Zurutuza.

Familia osoari zuzendutako ikuskizuna da, hitzik gabe kontatutakoa, zeinean maskara eta komedia uztartzen dituen. Nolabait ere, nagusi bat eta hiru zerbitzari dira kontakizuneko protagonistak, eta boterearen miseria eta oker guztiak azaleraziko dituzte umore giroan.

Sarrerak salgai daude 4 euroan, Modeloko txarteldegian eta Kutxabankeko atari digitalean. Era berean, Zarauzko Hitzak bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu Zarauzko Udalaren eskutik, eta parte hartzeko epea bihar eguerdian bukatuko da, 12:00etan.