Begotxu Olaizola: "Valentzian abiatu nuen hizkuntza zapalduen aldeko aktibismoa"

Jabi Gonzalez Toston - Aiora LarraƱaga Solaberrieta - Gorka Eizagirre 2024ko ots. 23a, 11:00

Begotxu Olaizola (Donostia, 1964) Zarauzko bizilagunak saria jasoko du apirilean Katalunian hizkuntza eta kultura katalanak munduan zabaltzeko egindako lanagatik.

BEGOTXU OLAIZOLA - Hizkuntza gutxituen aldeko aktibista

Kultura Katalanaren Kanpo Hedapenerako Institutuaren saria jasoko duzu. Ezustean harrapatu al zaitu aitortzak?
Ez nuen espero. Sari horien berri banuen, baina ez nekien nire hautagaitza aurkeztu zutenik. Prentsatik ezagutu nuen albistea, antolatzaileek ezin izan zutelako nirekin harremanetan jarri. Atzerrian bizi den lagun batek bidali zidan esteka. Loturan sartu nintzenean irakurri nuen nire izena beste bederatzi lagunenarekin batera; gainera, jende oso ilustreekin batera nago. Egin izan ditut gauzak arlo horretan, disfrutatu egiten dudalako harremanetan jartzen nazio txikietako eta hizkuntza zapalduetako jendea, batez ere Gales, Euskal Herria eta Herrialde Katalanak. Toki horietan bizi izan naiz, eta tokian-tokian ezagutu dudan jendea elkarren artean harremanetan jartzea gustatzen zait.

Oso pozik nago. Askotan txingurri bat bezala lan egiten da, baina ahalegina ez da egiten aitortzarik jasotzeko, gustatzen zaizulako baizik. Egia da bultzada bat dela. Apirilaren 12an da sari banaketa, eta ni saiatuko naiz Euskal Herria ondo ordezkatzen. Oso gustura nago, gainera, izango dudalako aukera sarituko dituzten beste kideak pertsonan ezagutzekoa. Izan ere, gehienak ezagutzen ditut komunikabideetatik eta sare sozialetatik, beste eragile eta lan talde batzuetan dabiltzalako.

Sariak kultura katalanaren kanpo hedapenarekin du zerikusia, eta zuk Euskal Herrian arlo horretan egin duzun ekarpena aitortuko dizute. Zer izan da urte hauetan guztietan egin duzuna kultura katalana sustatzeko?
Ni kultura katalanera iritsi nintzen, Valentzian bizi izan nintzelako gaztetan. Nire nerabezaroa han pasatu nuen, aita Donostiatik lanera bertara bidali zutelako. Guk, familia bezala, oso argi genuen bertako hizkuntza ulertzen eta hitz egiten saiatu eta bertako kulturan murgildu behar genuela ahal genuen heinean. Casal batean izena eman nuen eta Acció Cultural del Pais Valenciá-n ere sartu nintzen. Nerabea nintzen, eta bertan antolatzen zituzten tailerretan parte hartzen nuen, eta hortik jaso nuen hizkuntzaren irrika; baita nire amak eta amonak euskararekin zuten zaletasuna transmititu zidatelako ere. Horregatik iritsi nintzen kultura txikietara. Aurrerago Galesen bizitzeko aukera izan nuen, eta bertako hizkuntza ikasi nuen eta bertako kulturan murgildu nintzen. Horregatik, Euskal Herrian saiatu naiz beti horien berri ematen. 

Urte hauetan guztietan parte hartu dut ahal dudan neurrian hainbat Casaletan, eta Euskal Herrian Kataluniako Biltzar Nazionaleko koordinatzailea izan naizen tartean antolatu izan ditugu diadak eta beste hainbat ekimen: Saint Jordiak, liburu azokak, debateak eta erakusketak, besteak beste. Herrialde Katalanetako kultura eta Kataluniako prozesua ezagutarazteko ekintzak Euskal Herrira ekartzen saiatu naiz, interferentziarik gabe. Gauza horiek guztiak egin ditut elkarlanean hemengo eragileekin eta nire kideekin batera. 

Aipatu duzu 2016tik 2019ra ANCko koordinatzailea izan zinela Euskal Herrian. Alderdi horri ere erreparatuko zioten agian?
Kultur arloan egindako lanaz gain, agian aktibismo hori ere hartuko zuten kontuan. Oso erronka polita izan zen, gogorra, Kataluniako prozesuaren garaian izan zelako. Batzorde polita genuen, eta gauza asko egiten saiatu ginen, jende gutxi izanik ere.

Kultura katalana ez da Kataluniara mugatzen. Zuk esan bezala, zeuk Valentzian igaro zenuen nerabezaroa. Nola gogoratzen duzu garai hura?
Valentziara iritsi ginenean 13 urte inguru nituen, eta lehen esan bezala, hizkuntza ikasteko grina izan nuen beti. Gogoratzen dut nire ama azokan edo okindegian valentzieraz eskatzen, jende baten harridurarako. Bertakoek esaten zuten: «Emakume honek hitz egin badezake bi hilabete bakarrik daramatzanean, zergatik ez dute gainontzekoek egiten». Oso une interesgarrian iritsi ginen, 1977an. Une hartan hemen saltzen ari ziren Nafarroak ez zuela zerikusirik euskalduntasunarekin, eta Valentzian ere diskurtso bera zabaltzen ari ziren, esanez valentzierak ez zuela zerikusirik katalanarekin. Valentzieraz zekitenek, ordea, oso argi zuten hizkuntza bera zela, eta valentzieraz ez zekitenak ziren hain zuzen ere eskolako debateetan kontrako jarrera hartzen zutenak. Niretzat oso interesgarria izan zen ikustea Nafarroan eta Valentzian aurkezten ari ziren argumentuak berdinak zirela, kultur eta nazio izaeraren banaketa gertatu zedin. Oso arrakastatsua da Espainia arlo horretan.

Beraz, Kultura Katalanaren Kanpo Hedapenerako Institutuak valentziera bera ere sari horren barruan sartzea ere garrantzitsua da zuretzat, ezta?
Bai, nire ustez polita da. Kultura Katalanaren Kanpo Hedapenerako Institutuak argi du zein diren Herrialde Katalanak, eta ikuspegi horretatik egiten du lan. Badakite ni nondik natorren. Nire iritziz, katalanez hitz egiterakoan galdu egin dut valentziartasun hori, azken urteetan batez ere Kataluniako jendearekin izan dudalako harremana. Niri hizkuntzak belarritik sartzen zaizkit, eta konturatzen naiz aldatzen edo mugitzen ari dela nire doinua, baina hitzek hor jarraitzen dute; nire hitzak edo aditza jokatzeko modua valentzierakoak dira.

Aktibismoa aipatu duzu. Gaztetatik datorkizu, ezta ?
Bai. Oso gaztea nintzenean sartu nintzen Acció Cultural del Pais Valenciá-n. Nire lagun gehienak elkarte horretan zeuden, Raconet izeneko gazteen adarrean. Haiek antolatzen zituzten gaztetxoentzat udalekuak, mendi irteerak, baita kulturarekin zerikusia zuten jarduerak ere, gazteak arlo horretara engantxatzeko. Dialektologia tailerrak, esaterako, helduentzat izaten ziren, baina interesa genuen gazteoi uzten ziguten parte hartzen. Urte gutxi izan ziren Valentzian pasa nituenak, baina asko markatu zuten nire ibilbidea. Hizkuntza zapalduen eta garatzen eta erabakitzen uzten ez dieten nazioen aldeko aktibismoan lehen urratsak Valentzian egin nituen .

Apirilean jasoko duzun saria, ordea, ez da arlo horretan nazioarte mailan jaso duzun lehenengoa izango, ezta?
Tunika urdineko druida aitortza jaso zenuen 2020an. Horrek ilusio handia egin zidan, oraingoak baino askoz handiagoa. Batetik, lehenengo aitortza izan zelako, eta bestetik, bai ikusten dudalako esparru horretan ekarpen handia egin dudala. Herri zeltiar guztiek dute druiden kontseilua, baina Galeskoa da indartsuena. Hasteko, Galesko hizkuntza delako zeltiarren artean indar gehiena duena, herritarren %25 pasatxok hitz egiten du, eta banaketa hemengoaren antzekoa da. Paralelismoak daude hango egoeraren eta euskarak Euskal Herrian duenaren artean. Druiden Kontseiluak urtero ematen ditu sariak, eta tunika urdina jasotzen dugu kultura eta politika arloan egindako aktibismoagatik; tunika berdeak artea eta literaturarekin du zerikusia, eta zuriak, zientzia ekarpenarekin. 

Aitortza hori oso hunkigarria izan zen, kontseilu horretan onartu duten lehenengo euskalduna izan naizelako; hasteko, galesera jakin behar delako. Ni beti saiatu naiz bi herrien arteko loturak estutzen, bi herrialdeetako eragileak harremanetan jartzen eta bisitak antolatzen.

Zenbat hizkuntza hitz egiten dituzu?
Ez dut hizkuntza bilduma bat eduki nahi, hizkuntzak hitz egiten ditut bizitzak aukera eman didalako horiek ikasteko. Nahiz eta hizkuntza irakaslea izan, ez naiz ikasle ona, ez dut asko aguantatzen klaseetan. Oinarri bat dudanean, belarriz ikasten dut, jendearekin egonez eta lehen egunetik erabiliz dakizkidan lau hitzak eta konbinaketa desberdinak. Euskara da nire ama hizkuntza amari esker, nahiz eta kanpoan bizi izan zen 18 urte zituen arte. Katalanera eta galesa ere hitz egiten ditut, bi toki horietan bizi izan naizelako. Hizkuntza handien artean, gaztelania, ingelesa eta frantsesa dakizkit. Ingelesa Irlandan ikasi nuen, eta frantsesa, eskolan; hain zuzen ere, azken hori da makalena hitz egiten dudana, eskolan ikasi nuelako eta bertan bizitzeko aukerarik ez dudalako eduki. Gero, badakizkit beste batzuk bidaiatzeko erabiltzeko moduan, baina ez ditut kontatzen ezagutzen ditudan hizkuntza gisa. Niretzat hizkuntza bat jakitea da hizkuntza horretan bizi ahal izatea.

Euskara aipatu duzu. Euskal filologoa zara, urte askoan zehar euskararen alde lan egindakoa. Gaur egun Orioko Herri Ikastolan irakasle, eta AEKn ere aritua. Gainera, sortu zenuen metodo bat euskara ingelesetik abiatuta ikasteko.

Bai, aspaldi izan zen hori. 1993an argitaratu zen, Colloquial Basque izenburupean. Garai hartan Alan King doktoretza egiten ari zen Londresen, eta ni Euskal Herrian nengoen ordurako, eta  Routledge argitaletxeak eskatu zigun idazteko. Elkarrekin osatu genuen: nireak dira batez ere elkarrizketak eta alderdi kulturala, eta Alan King zenarenak, berriz, gramatika azalpenak. Metodo horren bidez nahi genuen irakurleak hizkuntza eta alderdi kulturala ezagutzea, eguneroko gauzak: nola eskatu jatetxe batean, gure kafeak zein diren, zer diren festak... Oso lan polita izan zen. Euskal Herrira iritsi nintzenean jarraitu egin nuen aktibismoarekin, eta hainbat elkartetan parte hartu dut urte hauetan guztietan, euskarari eta hizkuntza zapalduei nire ekarpena egin nahian.