Apartamentu turistikoei utzitako hamasei aparkaleku berreskuratuko ditu udalak

Aritz Mutiozabal 2024ko ots. 25a, 10:00

Egoiliarrentzat edota, beharko izango balitz, zamalanetara bideratuko dituzte plaza horiek hemendik aurrera. Gehienenak lehen gunean daude.

Herriko apartamentu turistikoen erabilpenerako utzitako aparkalekuak berreskuratzea adostu du Zarauzko Udalak. Guztira, 16 aparkaleku dira, eta gehienak lehenengo gunean daude, eta aurrerantzean, egoiliarren erabilpenerako edota, beharra izango balitz, zamalanetarako izango dira.

Garajerik ez duten egoiliarren aparkaleku beharrari erantzuna emateko asmoz, azken urteetan udala egiten ari den lanaren barruan hartutako erabakia izan da. Hori horrela, hemendik aurrera, herriko apartamentu turistikoen jabeek TAOren ordenantzan aurreikusitako bestelako formulak erabili beharko dituzte beraien bezeroei aparkaleku zerbitzua emateko.