Tantaka-tantaka, garapen jasangarrirantz

Mireia Galarza Bastida 2024ko ots. 26a, 09:00
Ttanta egunaren aurkezpena. (Mireia Galarza Bastida)

Zarauzko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, Ttanta Eguna antolatu du martxoaren 21erako. Bertan, asmoa izango da 2030 Agendaren barruan tokiko politika publikoetan Garapen Jasangarrirako Helburuetan lan egiten duten adituak eta eragileak biltzea. 

2030 Agenda ekimenarekin lerrokatuta, Ttanta Eguna aurkeztu du Zarauzko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Martxoaren 21n izango da jardunaldia, Modelo aretoan, eta helburutzat izango du tokiko politika publikoetan Garapen Jasangarrirako Helburuetan lan egiten duten adituak eta eragileak biltzea.  

Xabier Txurruka Zarauzko alkateak adierazi duenez, "jardunaldi berezia" izango da herriarentzat. Izan ere, horren bidez herriak "jasangarritasunarekin duen konpromisoa" berretsiko du, Zarautz 2030 Plan Estrategikoa baita udalak zarauztarrekin duen konpromisoa "etorkizuneko Zarautz definitzeko". Bi hitzetan laburtu du Zarauzko alkateak ekimenaren helburua: "hausnarketak partekatu eta beste herri batzuk egindakotik ikasi nahi dugu". 

Iker Basurko Zarautz 2030 eta Proiektu Estrategikoen zinegotziak jardunaldiaren inguruko xehetasunak eman ditu. Bere hitzetan, oraindik harremanak ehuntzen ari dira beste herri batzuekin, ez baita erraza "Agenda 2030 arloan askoz ere aurreratuago doazen herriekin topo egitea". Zarautzez gain, Amposta [Herrialde Katalanak], Cuenca [Ecuador] eta Valongo [Portugal] herrien esperientziak entzungo dituzte egun horretan, 2030 Agendaren lanlerroan egiten ari diren ekintzak ezagutzeko.

Aldi berean, jardunaldian Carlos Mataixek parte hartuko du, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Giza Garapenerako Teknologiako Berrikuntza Zentroko zuzendariak eta 2030 Agendak eskatzen duen elkarlaneko gobernantzan erreferentziazko ahotsak. Horretaz gain, Orkestra, Arantzazu LAB, IHOBE eta REDS erakundeak ere izango dira Modelon egun horretan. 9:30ean hasi eta 14:00etan amaituko da, Zarauzko Adierazpena irakurri ondoren.

Jaurlaritzarekin eta aldundiarekin bat

Asier Aranbarri Eusko Jaurlaritzako Gizarte Berrikuntza eta 2030 Agendaren zuzendaria ere aurkezpenean izan zen, eta garbi utzi nahi izan zuen Zarautz "adibide on bat" dela 2030 Agendari dagokionean. Izan ere, azkoitiarrak adierazi zuen askotan "kosta" egiten dela lanlerro nagusi hori ekimen konkretuetara ekartzea, eta Zarautzek baduela horretan eskarmentua.

Aranbarrik erreferentzia zuzena egin zion 2030 Agendaren barruan dauden hemezortzi helburuei, eta gaineratu zuen Ttanta Eguna hor kokatzen dela, "inongo zalantzarik gabe". Izan ere, hamazazpigarrenak aliantzei buruz dihardu, eta Ttanta Egunarekin hori bete egiten dela azaldu zuen Jaurlaritzako 2030 Agendaren zuzendariak, hainbat gizarte talderen batasuna delako. 

Sebas Zurutuzak Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategia zuzendariak bat egin zuen Aranbarrik mahai gainean jarritako ideiekin, eta bat gehitu zuen. Bere hitzetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa "eredu" bihurtzen ari dira arlo honetan, Eusko Jaurlaritzak Trantsizio Sozialeko Erabilera Anitzeko Foroa sortu dutelako, eta horrek "helburuak lerrokatuta" edukitzen laguntzen duelako.