Ander Gorostizu: "Maila handiko lehien falta sentitzen zuten eskalatzaileek"

Aritz Mutiozabal - Gorka Eizagirre 2024ko ots. 29a, 12:00

Zarauzko I. Boulder Txapelketa antolatu du Klimb Zarautz aretoak etzirako, eta Ander Gorostizuk (Ataun, Gipuzkoa, 1977) dio "eskalatzaile on asko" bertaratuko dela lehiatzera.

Klimb Open Zarauzko I. Boulder Txapelketa antolatu duzue. Nola erabaki duzue abentura horretan murgiltzea?

Boulder txapelketak beti egiten dira rokodromoetan eta urteko sasoi honetan, eta aretoa ireki genuela urtebete betetzen dela kontuan izanda, Open Klimb txapelketa antolatzea erabaki genuen. Baina ez genuen edonolakoa izaterik nahi, baizik eta sari erakargarriak banatu nahi genituen, eskaladan ere sari ekonomikoak beharrezkoak direla aldarrikatzeko eta eskalatzaile potenteak animatzeko asmoz. Pixkanaka-pixkanaka, indarra hartzen joan da kontua.

Zuen hasierako helburua zer izan zen, Euskal Herri mailako lehia egitea, akaso?

Txapelketa bat antolatu nahi genuen, ez herrikoia, baina bai irekia, edonork parte hartzeko modukoa. Sari ekonomikoei esker, eskalatzaile on asko hurbildu zaizkigu, eta horrek maila handiko txapelketa bihurtu du. Egia esan, haien mailako txapelketa askorik ez da antolatzen, eta, beraz, batarekin zein bestearekin solasean aritu ondoren, Euskal Herriko zein Espainiako espezialista onenak ariko dira lehian larunbatean.

Pozgarria izateaz gain, sekulako erronka ere izango zen, ezta?

Zalantzarik gabe, egundoko erronka izan da, baina, jakina, poza ere eragin digu. Azken finean, eskaladari ikusgarritasuna ematea zen gure helburua egitasmo honekin, eta pixka bat lortu dugu. Parte hartuko duten eskalatzaileek beraiek ere eskerrak eman dizkigute, eta komentatu digute maila handiko txapelketen falta sentitzen zutela. Beraz, guretzako erronka polita izan da, lan askokoa, baina aberatsa.

Hamabost bat urte izango dira Zarautzen boulder txapelketarik jokatzen ez dela...

Bai, horrelakorik inoiz ez da jokatu. Euskadiko Txapelketa jokatu zuten duela hamabost urte edo gehiago, baina geroztik ez da ezer antolatu. Euskal Herriari erreparatuta, lehen Durangon [Bizkaia] izaten zen lehiaketa entsutetsua, eta bestalde, Euskadiko txapelketak eta herrikoiak jokatzen dira. Nolanahi ere, Euskal Herriko eta Espainiako txapeldun ugari bilduko dituen besterik ez dago, eta ez da egon urte askoan.

Nolatan ez da egon halako ekitaldirik euskal herritarrek mendiarekiko duten zaletasuna eta konexioa handia izanda?

Tira, lan asko eskatzen du honek! Ekonomikoki ere ahalegin handia egin behar da, babesleak bilatzeko eta jendeak horrelako txapelketa baten alde apustu egin dezan. Egia esan, kirol honek ez du ikusgarritasun handirik, eskalatzaileak rokodromo txikietan sartzen edo mendira joaten garelako. Surfean ez bezala, ez gaituzte kalean ikusten. Zentzu horretan, eskalada ere estetikoa den arren, ez zaio horrenbesteko arreta jarri.

Nola izango da txapelketaren funtzionamendua?

Larunbat goizean ekingo diogu, eta 150 eskalatzaile pasatxo ariko dira lehian lau txandatan banatuta. Txanda bakoitzean 35 parte hartzaile inguru ariko dira, bi orduko denbora tartean. Ate itxian ariko dira lehian: txanda bakoitzekoek ezingo dute ikusi ondorengoaren saioa. Azken finean, eskalada ez da indarra bakarrik, ibilbidea nola egin asmatzea ere garrantzitsua da, eta norbaitek besteak ikusten baditu, trikimailuak ere ikusi egiten ditu. Beraz, itxia izango da. Lau txanda horietatik seina mutil eta neska  sailkatuko dira finalera, eta horiek 19:00etatik aurrera lehiatuko dira. Launa ibilbide izango dituzte neskek eta mutilek, eta finalista bakoitzak lau minutu izango ditu ibilbide bakoitza osatzeko. Txapelketako azken zati hori zuzenean emango dute eitb.eus atarian eta ETB4 telebista katean.

Horrez gain, zuen aretoa ere atondu beharko duzue txapelketarako, ezta?

Aretoan 80 ibilbide inguru ditugu, eta guztiak kenduta, gaur bertan hasiko gara finaleko ibilbideak –muntatzeko guretzat konplexuenak direnak– prestatzen; ondoren, sailkapen fasekoak. Beraz, astebururako dena aldatuta egongo da.

Bestalde, gaztetxoentzat ere topaketa antolatu duzue.

Hori da. Larunbatean txapelketa jokatuko dugu; 2010ean jaiotakoak izango dira parte hartzaile gazteenak. Igandean, berriz, 7 eta 15 urte bitartekoei zuzendutako topaketa egingo dugu. Txapelketa moduan egingo dugu, bakoitza bere papertxoarekin ariko da eta epaileak izango ditugu, tentsio puntua izan dezaten, baina ez da sailkapenik eta podiumik izango. Guztiek jasoko dute kamiseta, magnesera eta domina bana oroigarri gisa. Orotara, 140 gaztek eman dute izena.

Txapelketaren atarian, zer aldarterekin zaude? Urduritasunik edo presiorik antzematen al duzu?

Tira, nik presioa gustuko dut! Presioa izan badugu, zeren detaile txiki pila bat daude ongi egin beharrekoak, eta telebistan zuzenean emateak ere eskatzen digu dena zehatz lotuta edukitzea. Ezin dugu bost minutuz atzeratu, guztiak ongi neurtuta joan behar du. Gustuko dugu horrelako xehetasun guztiak ongi zaintzea, eta gauzatxo horiek egitea falta zaigu, azken momentura arte egin ezin direnak. Urduritasun puntua badugu, baina lantalde ona osatu dugu, eta dena ongi aterako da.

Horma igotzeko prest, orduan?

Bai, bai! Horma igotzeko gogotsu gaude.