Aiako Ubegun industrialdetik aterako da bihar traktore karabana Donostiara

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko ots. 29a, 15:50
Traktore ilara kostako errepidea zeharkatzen. (Jabi Gonzalez Toston)

Bihar Gipuzkoako baserritarrek elkarretaratzea egingo dute Batzar Nagusietan euren egoera salatu eta bere aldarrikapenak zabaltzeko. Hiru traktore ilara abiatuko dira Gipuzkoako puntu desberdinetatik eta horietako bat Aiako Ubegun Industriagunetik aterako da.

Gipuzkoako nekazariek Batzar Nagusietara eramango dituzte beren aldarrikapenak bihar, EHNE eta ENBA sindikatuek babestutako lehen mobilizazio handian. Goizeko lehen orduan hiru traktore ilara abiatuko dira Gipuzkoako puntu ezberdinetatik, eta hiru protestek bat egingo dute Donostian. Hiria zeharkatuko dute beren egoera salatu eta aldarrikapena zabaltzeko, eta ondoren Miramonera igoko dira, Bartzar Nagusien egoitzara. Hain zuzen ere, horietako traktore ilara bat Aiako Ubegun industriagunetik irtengo da. Antolatzaileek azaldu dutenez, eskualdeko hainbat baserritar Meagatik aterako dira lehendabizi eta errenkan Ubegunera joango dira, gainontzekoekin elkartzera. Bertatik aterako da karabana 09:00etan, eta N-634 errepidetik barrena Donostiarako bidea hartuko dute guztiek elkarrekin.

Batzar Nagusietan elkarretaratzea egin eta manifestua irakurriko dute Gipuzkoako baserritarrek, eta Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidentearekin eta alderdi ezberdinetako ordezkariekin bilduko dira, beren aldarrikapenen berri emateko. Mobilizazioa deitu duten sindikatuek ohar bidez jakinarazi dutenez, 38 erakundek, eragilek eta enpresek bat egin dute protestarekin, "lehen sektoreak bizi duen egoera larria salatzeko eta laborarien ustiapenen bideragarritasuna defendatzeko".