Jose Angel Iribarren 81. urtebetetzearen bezperan onartu dute herriko seme kutun izendatzea

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 1a, 13:00
Udlbatazko kideak atzoko plenoan onartutako neurrietako bat bozkatzen. (Gorka Eizagirre)

Aho batez atera da aurrera udalak otsaileko ohiko osoko bilkurara eramandako proposamena, nahiz eta oraindik ez dute ekitaldiaren eguna zehaztu. Hizpide izan dituzten beste bi gaiek ere udalbatzaren oniritzia jaso dute.

Zarauzko Udalbatzak onartu egin zituen atzoko plenoan bozkatu zituen neurri guztiak. Tartean, Jose Angel Iribar herriko seme kutun izendatzea. Athleticeko atezain mitikoak 81 urte bete ditu gaur eta udal talde guztien aldeko botoa jaso zuen hari aitortza egiteko udalaren proposamenak.

"Zarautzi eskainitako zerbitzuak aitortu eta horiengatik esker ona adierazteko" izendatuko dute Iribar seme kutun, baina ekitaldia noiz egingo duten ez zuten zehaztu atzoko osoko bilkuran. Zentzu horretan, udalak azaldu du omenduarekin harremanetan jarri direla data aproposa adosteko.

Nolanahi ere, Xabier Txurruka alkateak zehaztu zuenez, "ekitaldiaren egunean udal talde bakoitzak aukera izango du bere aitortza egiteko eta esan beharrekoak esateko". Halaber, jakinarazi zuen Iribarrek "gustura hartu duela beraz gogoratu izana".

Beste bi gaiak ere aurrera

Beste bi gai ere izan zituzten hizpide atzoko udalbatzarrean, eta, biak ala biak aurrera atera ziren, esan bezala. Batetik, Zarauzko hiri garraioko zerbitzu publikoa kontratatzeko lizitazioaren oinarriak eta deialdia egitea onartu zituzten udal gobernua osatzen duten bi alderdien aldeko hamabi botoekin eta EH Bilduko bederatzi zinegotzien abstentziorekin. Zentzu horretan, EAJk PSE-EErekin adostu duen akordioak ahalbidetu zuen neurriak aurrera egitea; izan ere, sozialistek hainbat aldaketa egitea eskatu zuten lizitazioaren oinarrietan eta jeltzaleek horretarako konpromisoa hartu dute. Sozialistek hiribusaren egungo ibilbideei eustea eta zabaltzea eskatu zuten, besteak beste; izan ere, egun Abendañoko industriagunearen barrualdera joaten den ibilbidea ezabatuko luke lizitazioaren oinarriak zehazten dituen testu berriak, baita asteburuetan Astira joaten den zerbitzua kentzea ere, erabiltzaile gutxi zituela argudiatuta.

Bestetik, ostalaritza establezimenduek bide publikoa erabilera eta okupazioa arautzeko udal ordenantza ere onartu zuten aho batez. Ondorioz, udal talde guztien oniritzia jaso zuen testuak. Udaleko idazkariak zehaztu zuen, halaber, bi alegazio aurkeztu dizkiotela herritarrek testuari berau jendaurrean izan den bitartean, baina udal teknikariek baztertu egin zituztela, ez zutelako zerikusirik ordenantza aldatzeko idatzian jasotako proposamenekin.